Nafarroako Gobernuak eta Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmena sinatu dute, Iruñeko hilerrian panteoi berri bat eraikitzeko eta Nafarroan altxamendu faxistaren ondorioz piztutako 1936ko gerra zibileko eta frankismoko biktimen gorpuzkiak bertan ehorzteko, 1936ko kolpe militarraren ondorioz hildako eta errepresioaren biktima izan ziren nafar herritarren errekonozimendu eta erreparazio moralari buruzko Foru Legea betez.
Bi alderdiek ehorzketei buruz dituzten konpromisoak ere finkatzen ditu akordioak. Horrela, Nafarroak Iruñeko Udalari emango dio etorkizunean egingo diren lurpetik ateratzeei buruzko informazio garrantzitsu guztia. Azken horrek jasoko ditu gorpuzkiak, eta panteoi horretan ehortziko ditu.
Dokumentuan ezartzen denez, halaber, biktimak aurkitu eta lurpetik ateratzen diren bitartean, erakunde sinatzaileek, egoki iritzitako aldizkakotasunarekin, berreskuratutako gorpuak lurperatzeko ekintza bat antolatuko dute. Ekintza horrek, behin-behineko ehorzketa horren bidez, indarkeriaren bidegabekeria jasan zuten pertsonak duintzen lagunduko du, baita gertatutakoaren memoria eta bakearen, bizikidetzaren eta giza eskubideen errespetuaren balioak gizarte osoari helarazten ere.
Hitzarmenaren xede diren gorpuzkiak 1936ko guda zibileko edo frankismoko biktimak izan beharko dira, Nafarroako Foru Komunitateko Gorpuak Hobitik Ateratzeko Protokoloaren arabera desagertuak eta lurpetik ateratakoak. Era berean, zehaztu dute Nafarroako hobi batean aurkitu diren eta identifikatu ezin izan diren biktimak izan beharko direla.
Nafarroako hobi batean gorpuzkiak aurkitu dituzten biktimak ere hartuko dituzte kontuan, identifikatu ondoren, ezin izan zaizkienak haien senideei edo familiei eman, edo senideek ezin izan dutenean haien kargu egiterik. Era berean, fusilatutako eta identifikatutako Iruñeko bizilagunen gorpuzkiak, haien familiek hala eskatzen badute. Hitzarmenak, azkenik, Nafarroako biktimak hartzen ditu barne, Espainiako Estatuko beste leku batzuetako hobietan aurkitu lituzketen gorpuzkiak.
Udalak konpromisoa hartu du 2023an obra-kontratua esleitzeko prozedura izapidetzeko eta dagokion obra-proiektua gauzatzeko. Bestalde, Herritarrekiko Harremanetako Departamentuak 125.000 euroko gehieneko ekarpena egingo du, dirulaguntza gisa, eraikuntza finantzatzeko.
Hitzarmenaren indarraldia lau urtekoa da, eta hitzarmena amaitu aurretik beste lau urtez luzatzea erabaki daiteke.