Topaguneak eta Nafarroako Gobernuak 'Euskarak 365 egun' hitzarmena berritu dute

Euskalerria Irratia 2023ko ots. 20a, 13:03

Gazteei eta haurren aurrean aritzen diren helduei zuzendutako bi egitasmo eginen dituzte.

Gaur Nafarroako Gobernuak eta Nafarroako Topaguneak sinatzen duten hitzarmen honen helburua bi erakundeon arteko elkarlanaren oinarriak ezartzea da, 2023. urtean euskal hiztunen aktibazioa, hizkuntza ohituretan eragin eta erabilera indartzeko aldeko jarrerak indartzea xede duen programa gauzatzeko.

Aurtengo Hitzarmena 145.000 eurorekin hornitu da “Euskarak 365 egun” programa gauzatzeko helburuz. Lan ildo honen helburu nagusia hiztunen aktibazioaren bidez hizkuntza-ohituretan urrats esanguratsuak eragitea da. Bi egitasmo nagusitan gauzatuko da aurtengo ekimena: lehenengoa, udaberrian, gazteei zuzendua eta bigarrena, udazkenean, haurren aurrean aritzen diren helduei zuzendua.

Ana Ollok, Herritarrekiko Harremanetako Kontseilariak, 2018tik urtero berritu den hitzarmenaren garrantzia nabarmendu du: “Azpimarratu nahi dut erakunde publiko eta gizarte eragileen arteko lankidetza ezinbestekoa dela gaur egungo gizartean, lan osagarriak egiten ditugula, eta erakunde publikooi gizarte ekimenetik datozen proposamenak aintzat hartu, osatu eta zabaltzea dagokigula. Horretan aritu gara azken urteetan, uste dugu, lankidetza honek fruituak eman dituela, ekintza zehatzetan ikus daitekeena. Baina, batez ere, uste dugu lan egiteko modua proposatzen duena, eta horri jarraikiz bide emankorra izanen dela”.

Oskar Zapata, Nafarroako Euskaltzaleen Topaguneko zuzendariaren iritziz, “pozgarria da hitzarmena sinatzeko berriro ere elkartzea. Lagungarria da oso tamaina honetako egitasmoak planifikatzeko eta gauzatzeko marko egonkor bat edukitzea. Zentzu horretan, eskertuta gaude Euskarabidearekin eta Nafarroako Gobernuarekin, Euskaltzaleen Topagunearekiko elkarlanean aritzeko izan duzuen jarreragatik. Sei urteko ibilbidea du “Euskarak 365 egun” hitzarmen honek, beste hamaika bete ditzala espero eta desio dugu”.

Hizkuntza ohiturak aldatzeko bidean, Ana Ollok eta Oskar Zapatak, biek ala biek, azpimarratu dute aurtengo helburu nagusia dela garrantzi handiko bi xede talde horiekin lan trinkoa egitea: gazteak, eta haurrekin kontaktuan bizi diren helduak: gurasoak, zaintzaileak, irakasleak…

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!