NUPek aurrerapausoa eman du Osasun Zientzien fakultatearen eraikina gauzatzeko

Iosu Ganuza Garcia 2023ko ots. 13a, 18:09

30,2 milioi euroko kostua aurreikusi dute eta 28 hilabetetan eraikiko dute Nafarroako Unibertsitate Ospitaleko orube batean. 

Nafarroako Unibertsitate Publikoak Excavaciones Fermin Osases SLk eta Construcciones Mariezcurrena SLk osatuko duten "Salud UPNA" aldi baterako enpresa-elkarteari esleitu dio Osasun Zientzien Fakultate berria eraikitzeko obrak egiteko lana. Eraikinak 30.294.000 euroko kostua izango du (BEZa barne), eta burutzeko epea 28 hilabetekoa izango da.

Eraikin berria egungo fakultatearen handitze bat da, Nafarroako Unibertsitate Ospitalean kokatua, Medikuntza, Erizaintza eta Psikologia titulazioak ematen diren eraikinaren ondoan.

Eraikin berria 2021ean Nafarroako Gobernuko Unibertsitate, Berrikuntza eta Eraldaketa Digitaleko Departamentuak eta Nafarroako Unibertsitate Publikoak sinatutako hitzarmenaren ondorioz eraikiko dute. Hitzarmen horren arabera, azpiegitura Foru Gobernuak finantzatuko du, eta gobernuak berak lagatako lurretan, berriz, eraikinaren eraikuntza eta hornidura NUPen esku egongo da.

Eraikuntzarako lehiaketa 2022ko abuztuan deitu zuen Nafarroako Unibertsitate Publikoak, eta 33 milioi euroko gehieneko lizitazio-prezioa zuen. Zazpi enpresak aurkeztu zuten eskaintzaren bat, eta, azkenean, aipatutako "Salud UPNA" aldi baterako enpresa-elkartea izan zen esleipendun.

Eraikin berriaren proiektua garatzeko, ideia-lehiaketa bat egin zuten 2020an, eta José María Errea Argaizek gidatutako eta Varquitectos eta Bryaxis Arquitectos estudioek batera garatutako HLA+E 'proiektuak irabazi zuen, aurkeztutako 35 proposamenetatik puntuazio handiena lortu baitzuen: 100etik 96.

Proiektu honetarako, Nafarroako Gobernuak bere ingurunearekin erabat integratutako eraikin bat eskatu zuen, eta, aldi berean, XXI. mendeko osasungintzaren ideiarekin eta egungo beharrekin bat etorriz: eraikin funtzional bat, baina jasangarria ere bai. Hori izan zen proposamen irabazlearen alderdi baloratuetako bat: energia positiboko eraikin baten aldeko apustua egin zen, berogailu sisteman, hoztean, aireztapenean eta argiztapenean kontsumitzen duen energia-kantitate bera sortuko duena in situ.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!