Mañeru eremu mistoan sartzeko Euskararen Legea erreformatzeko Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak egindako proposamena bozkatu berri dute Nafarroako Parlamentuan. Aldaketari uko egin diote PSNk eta Navarra Sumak, eta kontra bozkatuko dute. Eremu mistoaren zabalpena eragin behar zuen puntuak kontrako 30 boto izan ditu eta proposatzaileen aldeko hemeretzi baiezko.
Aprilean aho batez esakatu zuen herriak eremu aldaketa. Mañeruko Udalak bultzatutako eskakizunak “errealitate linguistikoaren bilakaera” aipatzen zuen, 2010ean eta 2017an eremu mistoa zabaltzeko oinarri izan zena. Era berean, “eskola-matrikulazioari buruzko datuak” eta “azterketa soziolinguistikoak” eskaintzen zituen, baita “argudio historikoak” ere, eskaeraren sendotasuna justifikatzeko.
Lege proposamena baztertuta 2017ko ekainaren 22ko azken eguneratzetik indarrean dauden terminoetan mantenduko da eremu mistoa.
Eztabaida
Nafarroako Gobernuan kide diren PSN eta Geroa Bai taldek eztabaida sutsu eta bortitza izan dute ganberan, bozketaren aurretik. Euskararen gaia politikoki erabiltzea leporatu diote elkarri. Inma Jurio parlamentariak hartu du hitza PSNren izenean. Haserrekor aurreko legegintzaldian konplexuekin gobernatu izana leporatu dio Geroa Bairi, eta gehiengo gaztalaniadunaren eskubideak iraintzen ari direla: “Mañeruarrei berdin zaie zein eremutan dauden, hala erakutsi zuten aurreko legegintzaldian. Eztabaida honek nazionalismoei bakarrik egiten die mesede”. Ahal Duguri ere zuzendu zaio, hizkuntza eskubideak beste eskubide batzuen azpitik jarriz: “Harrigarria da noraino irits daitekeen bat, ez dagokion tokian ezartzean”.
Eskuinari beldurra izatea leporatu dio, berriz, Geroa Baiko Jabi Arakamak PSNri. "Gai honetan duzuen izuak agintzen du", adierazi die. 2023ko Maria Txibiteren hizkuntza politikak 2010ko Roberto Jimenezenak baino murriztaileagoak direla esan du, eta ohartarazpen bat egin die: "Ez da nahikoa Irulegiko Eskuarekin argazkia ateratzearekin. Herritarrak gehiago eskatzen ari dira".
Ahal Duguko Ainhoa Aznarezek gehiengoak manipulatzea egotzi dio PSNri. "Kontuz udal erabakien gainetik pasatzearekin", ohartarazi dio gobernu kideari. Arazoa zein den galdetu dio, berriz, EH Bilduk. "Zein da konplexua?", esan du Bakartxo Ruizek. "Askatasun osoz egin du eskaera udalak, eta ari zarete berdintasunaren eta herritarren eskubideen kontra".
Navarra Sumak bizikidetasunarekin justifikatu du ezetza. "Ez dugu uste eremuak aldatzea bizikidetzarako ona denik", esan du Iñaki Iriartek.