1.000 euroan zegoen orain arte Hego Euskal Herriko gutxieneko soldata gordina. Akordioa egin du Espainiako Gobernuak CCOO eta UGT sindikatuekin, eta %8 handitu dute, 1.080 eurora. Gutxieneko soldatatik behera kobratzen duten langile askorentzat albiste ona izan arren, bertako errealitateari erreparatu behar zaiola ohartarazi dute ELA eta LAB sindikatuek. Europako Karta Sozialaren gomendioen arabera, 1.400 euroko gutxieneko soldata beharko lukete izan Nafarroako langileek, herrialdearen batez bestekoaren %60.
“Erabat eskasa da igoera, KPIaren igoera kontuan izanda gehien bat”, iritzi dio ELAko Nafarroako arduradun Imanol Paskualek. Elikagaien prezioak %15 igo direla gogoratu du Paskualek, eta salatu du enpresak irabazi “oso handiak” izaten ari direla.
Bide beretik, LAB sindikatuak ohartarazi du, sindikatuak berriki plazaratutako ikerketa baten arabera, bi nafar langiletik batek 1.400 euro baino gutxiago jasotzen dituela hilean. “Onartezina izan behar da, eta errealitate hori da eraldatu behar duguna”, adierazi du Nafarroako bozeramailea den Imanol Karrerak. Erakundeak hori egitera deitu ditu: “Borondate politikoa baldin badago gobernuen aldetik, prest gaude termino horietan akordioetara iristeko”. Hala ez bada, ordea, mobilizatzen jarraituko dutela ohartarazi du.
Onuragarria, CCOOrentzat
Nafarroako langile askori on eginen dielakoan, berriz, pozik azaldu da erabakiarekin Nafarroako CCOO sindikatua. “28.000 langileentzat onuragarria izanen da”, zehaztu du politika publikoen arduradun Joseba Ezeolazak. “Pentsioen igoera ere kontuan hartzen badugu, esan dezakegu beste testuinguru sozial bat sortzen ari garela Nafarroan”.