Handi dena, handiago egin nahi du Valle de Odieta enpresak. Caparrosoko behi haztegian abelburu gehiago izateko eskaera egin dio Nafarroako Gobernuaren ingurumen departamenduari. Egungo Ingurumeneko Baimen Bateratuaren arabera, Caparrosoko Valle de Odieta enpresak 7.800 abelburu inguru izan ditzake etxaldean (7.620 azienda unitate). 11.372 abelburu izatera iritsiko litzateke egin berri duen eskaerak aurrera eginen balu (9.678 azienda unitate).
Nafarroako Gobernua ez da horren aldekoa, ordea. Itziar Gomez ingurumen kontseilariak atzo gobernu saioaren ondotik adierazi zuen “legez” geldiarazi nahi dutela handitzea. Gobernuak adostasuna eman dio exekutiboak Animalien Osasunari buruzko PSN, Geroa Bai eta Ahal Duguren lege proposamenari, eta espero du indarrean egotea eskaerari erantzuna ematerako momentuan.
Espainiako Gobernuak 850 azienda unitateetara mugatu ditu behi aziendak errege dekretuz, eta Nafarroako Animalien Osasunari buruzko Foru Legea estatuko oinarrizko arau horretara egokitzeko egin dute aldaketa proposamena gobernua osatzen duten alderdiek. Errege Dekretu horren 16. artikuluak ezartzen duenez, gainera, dekretua indarrean sartu baino lehen martxan dauden ustiategiek gehieneko ekoizpen-ahalmena gainditzen badute, kopuru horri eutsi ahal izango diote, baina ezingo dute handitu.
Enpresak auzitara eraman zuen Nafarroako Gobernua abere kopurua handitzeko baimena ukatu izanagatik. Caparrosoko eremuan dagoen ustiategiaren lehenengo handitzea foru dekretuz mugatzen saiatu zen gobernua, baina Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak bertan behera utzi zuen animalien segurtasunerako araudia. 3.400 esne behi izatetik, egun dituen 7.800 abelburu izatera igaro zen etxaldea.