"Lan istripuek gora egin dute eta ondorioz, hildako langile kopuruak ere gora egin du azken urtean". LABek sindikatuko ordezkarien bitartez bildutako datuak eman ditu gaur. Euskal Herriko 2022ko lan istripuen txostenean jasotako ondorio nagusia da gorakada, 2014tik bikoiztu egin da-eta zenbatekoa. 9 langile hil ziren urte hartan, Nafarroan. Iaz, berriz, hogei pertsona zendu ziren Nafarroan lanean. Eraikuntzak eta industriak erakusten dute aurpegirik beltzena: zazpi hildako eta sei izan dira, hurrenez hurren.
LABentzat aurreikusi zitekeen egoera bat da, "ekiditeko inolako neurririk jarri ez delako". Lan istripuak eta laneko gaixotasunak bi arrazoi nagusirengatik gertatzen dira sindikatuaren aburuz, lanaren prekarietatea eta prebentzio neurri egoki falta.
Otsailaren 10ean 27 urte betetzen dira Laneko arriskuen prebentziorako legea indarrean sartu zenetik. Hasieratik izan du betetze maila eskasa, sindikatuak salatu duenez. Horri mutualitateei gero eta eskumen gehiago eman izana gehitu behar zaiola gogoratu dute.
Sindikatuak salatu du, halaber, une honetan ez dagoela baja bakar bat ere aitortua faktore psikosozialengatik, kontingentzia profesional bezala. Nafarroa lantoki osasungarriak lortzetik eta emakumeen osasunaren berezitasunak kontuan hartzetik oso urrun dagoela iritzi dio LABk, horregatik lan ildo nagusietako bat izanen du lan osasuna datozen urteetan.
Nafarroako Gobernuak ez du lan istripu eta gaixotasunen inguruko txostenik egin, pandemiaren ostetik.