Lan hitzarmenaren borrokan bitartekaritza eskatu diote Gobernuari adinekoen egoitzetako langileek

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 17a, 14:15

Bigarren greba eguna dute gaur langileek ELA, LAB eta UGT sindikatuek deituta. Nafarroako egoitza gehienak esku pribatuetan dauden arren, Gizarte Gaietarako Departamentuarekin itunduak dituzte plazak beraz exekutiboak badu zeresana langileen lan baldintzetan.

Misericordia etxearen aurrean egindako agerraldian egoitzetako langileek lan-baldintza hobeak aldarrikatu dituzte, eta "patronalen eta Gobernuaren aurkako borroka honetan" jarraitzen duela adierazi dute. "Bost greba egun jarraian egitea erabaki dugu; lehen aldia da hainbeste greba egunetara goazela", adierazi dute, eta "laster bi urte izango dira gure sektorerako hitzarmen bat negoziatzeko mahaia eratu genuenetik".

"Baldintza duinak bermatuko dizkigun hitzarmen bat behar dugu, hilaren amaierara iristeko aukera emango diguna soldatak handituz, gure bizi-baldintza materialak hobetuko dituena, eta, horrekin batera, gure bizitzaren kalitatea hobetuko duena, eta atseden hartzeko denbora gehiago", azaldu dute, "zainketen sektorea negozio-nitxo gisa eta langileak onurak optimizatzeko baliabide huts gisa tratatzeari uzten ez dioten patronalekin topo egiten dugu".

Adierazi dutenez, "ANEAk eta LARESek, sektoreko bi patronalek, lanera gaixorik edo osasun arazoekin joan behar izatea eragiten dute". "Gaixotasunagatiko gure bajak ez daude osatuta, hau da, prestazioari dagokion ehunekoa baino ez dugu kobratzen", gaitzetsi dute, "kobratzen ditugun soldata irrigarriak direla eta, ekonomikoki ezinezkoa da soldataren zati bat bakarrik jasotzea, eta, beraz, osasun-egoera ona izan gabe lan egitera behartuta gaude".

Langile horiek adierazi dutenez, Nafarroako Gobernuak finantzatzen du sektore hori, eta "horregatik da patronalek bezain arduratsua edo arduratsuagoa gaur egun bizi ditugun baldintzetan mantentzeko". "Ez dugu proposamen miserablerik onartuko. Ez gaituzte konbentzituko ezer baino hobea dela hobekuntza txikiren bat lortzea ", ohartarazi dute.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!