Nafarroako Kontuen Ganberak Iruñeko Udalaren egoera ekonomikoari buruzko txostena argitaratu du. Hiriburuko udalaren kontuak eta finantza egoera aztertu ditu.
Hasteko eta behin Kontuen Ganberak azaldu du udalak 255 milioi gastatu zituen iaz, eta 242 bildu dituela. Gastuen arloan 104 milioi langilerira bideratu zituen, 74 milioi gastatu zituen ondasunetarako eta 46 inbertsioetarako.
Diru-sarreretan transferentzia arruntak dira nagusiak: 110 milioi. Zuzeneko zergen bidez 54 milioi bildu zituen, eta tasa eta prezio publikoei esker 42. Kontuak aztertzen dituen erakundearen iritziz "Udalaren kontuek ongi islatzen dute ondarearen irudia eta 2021eko abenduaren 31ko finantza egoera". Legezkotasunari dagokionean ere "aldekoa da iritzia, salbuespenenen bat aipatzen bada ere: legediak aurreikusi gabeko soldata-gehigarri batzuk ordaindu izana".
Finantza-egoera ona
Udalaren finantza egoerari dagokionez,"aurrezki gordin eta garbia jaitsi egin dira, 32 milioitik 29ra eta 22tik 19ra, hurrenez hurren" zehaztu du Kontuen Ganberak. Hala ere Iruñeko Udalak "funtzionamendu-gastuei eta finantza-zamari aurre egiteko adina baliabide" sortzen duela azpimarratu du.
Ansoleaga kaleko egoitzan kudeatutako datuen arabera hiriburuak duen zorra 36 milioikoa da, aurreko urtean baino %21 txikiagoa. Jaitsiera hori 8 milioiko amortizazioaren ondorioa dela azaldu dute.
Trukean, diruzaintzako gerakina jaitsi da, 35,5 milioitik 28,5 milioira, baina pandemiaren aurreko bi urteetakoa baina hobea da hala ere.
Horregatik honakoa nabarmendu nahi izan du Kontuen Ganberak: "adierazle batzuk aurreko urtean baino txarragoak badira ere, Iruñeko Udalaren finantza egoera ona da".
Lanpostu publikoei dagokienean, behin-behinekotasun tasa %36 da, “handiegia” Kontuen Ganberaren ustez.
Inbertsioetan arloan hauek "nabarmen" igo direla adierazten du txostenak, 24 milioi gastatu baititu Iruñeak "aurreko urtean 13 milioi besterik ez baitziren gastatu".Arrosadia aldeko karrika batzuen urbanizatze-lanak ekarri ditu lehen lerrora inbertsioen arloan ganberak: Manuel de Falla, Urrobi eta Irati baia karrikak. Bertan 3,8 milioiko inbertsioa egin da. Iaz Labriteko zaldainean gastaturikoa ere aipatzen da: 600.000 euro.
Azkenik, Udalak Europak pandemiari aurre egiteko emanen dituen diru-laguntzak kontrolatzeko eta udaletxeko oposizioaren ekimenez onarturiko iruzurraren aurkako plana ere aipatzen du. Txostenak dioenez, "planak iruzurrari aurre egiteko eskatzen diren gutxienekoak bete egiten ditu".