416 langabe gutxiago Nafarroan, 2022an

Euskalerria Irratia 2023ko urt. 4a, 07:32

  • Abendua hilabeterik okerrena izan da 2008tik, 2.318 landun gutxiagorekin
  • ELAk eta LABek lan merkatuaren prekarietatea salatu dute; CCOOk eta UGTk, aldiz, lan erreformaren eragin ona azpimarratu dute

2022ko abenduaren 31n Nafarroan 416 langabetu gutxiago zeuden Nafarroan aurreko urteko egun berean baino, hau da, %1,30 gutxiago. Hala, 31.610 pertsona daude langabezian guztira Nafarroan, Espainiako Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak astearte honetan jakitera eman duenez.Halaber, hitzarmen finkodun langileak 12.524 gehiago ziren. Nolanahi ere, urteko azken hileko datuak ez dira onak izan: abenduan Nafarroako ekonomiak 2.318 lanpostu galdu zituen. Zifrarik okerrena da 2008tik. Nolanahi ere, langabe kopuruari dagokionez igoera 117koa izan da soilik.

Gauzak horrela, Nafarroa Garaiak 299.966 landunekin itxi du 2022 urtea. Gauzak gorrela, 2022an 4.301 lanpostu berri sortu ziren, 2021ean sortu zirenen erdia. Daturik apalena da, 2014an ekonomiaren hazkunde fase berria abiatu zenetik.

Erregistratutako 31.610 langabeetatik, 12.727 gizonak dira eta 18.883 emakumeak; 2.828 25 urtetik beherakoak dira (1.453 gizon eta 1.375 emakume) eta gainerakoak, 28.782, adin horretatik gorakoak (11.274 gizon eta 17.508 emakume).

Sektoreka, gehienak, 21.464, zerbitzuen sektoreari dagozkio; 4.112 Industriari, 1.495 Nekazaritzari eta 1.410 Eraikuntzari. Gainerakoak, 3.129, Aurreko Enplegurik Gabekoen taldekoak dira.

Abenduan 117 langabe gehiago izan dira Nafarroan aurreko hilaren aldean, %0,37 gehiago. Igoerarik handiena industrian izan da (155 langabe gehiago), ondoren Zerbitzuetan (65 gehiago) eta Eraikuntzan (39 gehiago). Nekazaritzan 76 langabe gutxiago daude, Aurreko Enplegurik Gabekoen taldean bezala (66 gutxiago).

Kontratazioari dagokionez, Ministerioak adierazi du Nafarroan 22.255 kontratu sinatu zirela abenduan, 17.924 aldi baterakoak eta 4.331 mugagabeak.

Nafarroako prestazioei dagokienez, 10.162 eskaera egin dira eta 9.326 alta eman dira. Guztira, 16.360 pertsona dira langabezia-prestazioaren onuradun, 9.602 kontribuzio-prestazio baten onuradun, 6.166 sorospen eta 592 laneratze-errenta.

Nafarroan 2.319 langile gutxiago daude Gizarte Segurantzan afiliatuta abenduan, aurreko hilean baino %0,77 gutxiago. Urteko datuei dagokienez, ordea, afiliazioa 4.301 pertsonatan hazi da, 2021eko abenduan baino %1,45 gehiago, eta 299.966ra iritsi da.

ELAk eta LABek prekarietatea salatu dute

“Jada esan dezakegu 2022a Nafarroan enpleguarentzat hazkunde eta egonkortze urte bat izan dela, 73.37kontratu mugagaberekin, hau da, 2021ean izan zirenen halako birekin”, baloratu zuen atzo Nafarroako Gobernuak.

Datuon aitzinean, ELA eta LAB sindikatuek lan merkatuaren prekarietatea salatu dute, eta CCOOk eta UGTk, berriz, lan erreformaren eragin ona azpimarratu dute.

CCOOk ohar baten bitartez nabarmendu du “inflazioa zein ziurgabetasuna handiak izanagatik ere” enpleguak eusten diola. Halaber, enpresei exijitu die lan erreforma bete dezatela, eta eskatu du Lan Ikuskaritzak bitarteko gehiagorekin zain dezala arau berriak betetzen direla.  

ELA sindikatuak ohar baten bitartez nabarmendu du 2022an, Nafarroan, hamar lan kontratutik zortzi behin-behinekoak izan direla. “Kontratazioaren eboluzioa eta lan prekarietatea ikusita, langile klaseak ezinbestean antolatu eta mobilizatu behar du txirotzeari aurre egiteko”.  

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!