Sustrai Colina: “Ikusten nuen pelotoian nindoala, baina ez nuen azken gerri kolperik eduki”

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 23a, 07:52

Bertsolari urruñar-atrrotxapearrak Nafarroa Arenan disdira falta izan zitzaiola azaldu du Metropoli Forala saioan: “Eroso eta erraz ari nintzenaren sentsazioa neukan, baina ikusten nuen falta zitzaidala ongitik bikainerako tarte horretan egon daitekeena”.

Laugarren amaitu du Bertsolari Txapelketa Nagusia Sustrai Colinak, 1495.00 punturekin. Final berdindua izan da, hamabost puntuko aldea baino ez dago-eta hirugarren eta bosgarren egin dutenen artean. Hor  kokatu zuen haren burua Colinak bertsotan ari zela. Egindakoa aztertu ondoren. amaierara arte lehian egoteak zenbateraino baldintzatu ote zuen zalantza du orain: “Eustera behartzen ninduen horrek. Agian lehenago erori izan banintz eginen nuen Tourra galduta duenaren ihesaldirik”.

Hala ere, emaitzak eta zenbatekoak erlatibizatu behar direla nabarmendu du urruñarrak, Euskalerria Irratian. Azken bertso saioan izan zen txapela jokoan, baina txapelketa ez zen Nafarroa Arenan hasi: “Txapelketarekin konforme gelditu naiz, uste dut egin dudan finala baino txapelketa hobeagoa egin dudala”. Hausnarketa bat eragin dio horrek: “Zenbateraino baldintzatzen du emaitzak analisia?”

Zazpigarren txapelketa izan du amaitu berri dena Colinak. Bizileku duen Iruñean jokatu zen finala, eta berezi egin zuen horrek azken saioa harentzat: “Hasteko bertsozale bezala, finala tokiz aldatzen diren aldiro aro berri baten irudikapena izaten da. Gero, hemen bizi naizenez gero, egunero zapaltzen dituzun kaleetan zure bizitzako egun inportante bat bizitzeko aukera izatea inportantea da, noski”.

Bereizgarri gehiago izan zituen igandekoak. Belaunaldi berri bat hartu zuen oholtzak, hiru emakume izan ziren aurrenekoz kantuan… Bizi duen plazaren isla dela dio Colinak, eta finalaren kasuan bezala, garrantzi gehiago duela kalitateak kantitateak baino.

Momentuz datorrenari helduko dio, plazetan; eta ez du erabaki datorren txapelketan parte hartuko duen.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!