NIE saria jaso du Euskalerria Irratiak

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 21a, 08:30

Irratiak euskal komunitatean irabazi duen erreferentzialtasuna eta euskararen sustapenean egiten duen lana eskertu nahi izan ditu Nafarroako Ikastolen Elkarteak

Nafarroako Ikastolen Elkarteko (NIE) kide diren hamabost ikastolek urtero bozketa bidez erabakitzen dute nori eman euskararen alde egindako lanagatik banatzen duten NIE saria. 2020an Euskalerria Irratia saritzea erabaki zuten, baina pandemiaren poderioz sari ematea atzora arte atzeratu behar izan dute. Aurretik NIE saria jasotakoak dira Helena Taberna, Jose Antonio Sistiaga, Mirentxu Purroy, Aingeru Epaltza, Jorge Cortes-Izal, Jose Maria Satrustegi, Jesus Atxa eta Carlos Garaikoetxea.

Atzo NIEren Iruñeko egoitzan egindako sari banaketan, elkarteko lehendakari Elena Zabaleta Andresenak azaldu zituen saria Iruñerriko irratiari ematearen zergatiak. Azaldu zuenez, “Euskalerria Irratia erreferentziazko irratia da euskal komunitate osoarentzat” eta “Iruñean eta Iruñerrian ezinbestekoa da euskararen sustapenerako eta zabalkunderako”. Zabaletaren arabera, “Euskararen eta euskal kulturaren alde egin eta egiten duen lana goraipatu nahi dugu, eta eskerrak eman ikastolekin eta Nafarroa Oinezekin beti izan duen lankidetza bereziagatik”.

Euskalerria Irratiko koordinatzaile Juan Kruz Lakastak hartu zuen saria irratiaren izenean: “Komunitatearen komunikabidea gara, Iruñerriko euskal hiztunen komunitatearena. Hari esker dauzkagu 7.000 entzule, 1.000 bazkide, 200 kolaboratzaile eta dozenaka iragarle. Hari esker gara irismen handieneko euskal irratietako bat, euskaldunak sakabanaturik bizi diren hiri inguru handi batean jardun arren. Hari esker gara jauzi digitalari indar posizio batetik ekiten ari zaion proiektu komunikatiboa”, azaldu zuen, saria eskertzeko tenorean.  

Ekitaldian ordezkaritza instituzional zabala izan zen: EAEko lehendakari ohi Carlos Garaikoetxea, Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Hualde, Euskarabideko zuzendari kudeatzaile Mikel Arregi. Halaber, Paz Ziganda ikastolako helduen abesbatzak parte hartu zuen sari banaketan.

Euskalerria Irratiaren historia luzean rol garrantzitsua jokaturiko hainbat lagun ere hurbildu ziren San Anton karrikako egoitzara: Mikel Bujanda irratiaren sortzaile eta zuzendari ohia; Kike Diez Ultzurrun irratiko lehen esatarietako bat; urtetan Iruñeko Komunikabideak SAko Administrazio Batzordeko kide izandako Sagrario Aleman, Jose Antonio Solano eta Lontxo Aburuza; Euskalerria Irratia Fundazioko  patronatuko kide Fermin Erbiti; Goiatxo Elizagarai Euskalerria Irratia elkarteko kidea; eta urtetan irratiaren emisoreaz eta antenaz arduraturiko Rafa Zazpe, besteak beste.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!