Departamentuetako hizkuntza planak abian jar ditzala eskatu dio LABek Nafarroako Gobernuari

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 15a, 07:30

LAB sindikatuak Nafarroako Gobernuari eskatu dio "abian jar ditzala aurreko legegintzaldian egin zituen hizkuntza-planak". Gaur, abenduaren 15arekin, 36 urte betetzen dira Nafarroako Parlamentuak Euskararen Legea onartu zuenetik, eta urtuerren karietara LABek idazki bat eman die parlamentuko talde guztiei, "ahalik eta lasterren plan horiek martxan jartzeko konpromisoa har dezaten" eskatuz.

Sindikatuak ohar batean gogorarazi duenez, “Geroa Baiko aurreko foru gobernuak hizkuntza planak egin zituen sail bakoitzerako", eta plan horietan, besteak beste, "euskara dakiten langileekin bete beharreko plaza kopurua jasotzen da (lanpostu bakoitzean zein maila behar den ere zehazten dute), herritarrei Nafarroako berezko hizkuntzetako edozeinetan arreta eman ahal izatea bermatzeko".

Hala ere, sindikatuak kritikatu duenez, "bost hilabete eskas falta dira hauteskundeak egiteko, eta ez da urrats ziztrin bat ere eman norabide horretan". LAB atsekabetuta agertu da planekin, “ez baitute jasotzen, gure ustez, Nafarroako herritarrei Nafarroako berezko bi hizkuntzetan ere arreta ematea bermatzen duen gutxienekoa". Hala ere, nabarmendu duenez, "planak garatu ezean, ezin izango dugu aurrera egin euskara Administrazioan zein gizartean merezi duen lekua hartzera eramango duen bidean".

Sindikatuaren iritziz, "euskarak ofiziala izan behar du lurralde osoan, eta horretarako, urrats sendoak eta ausartak eman behar dira euskara dagoen desprestigio-egoeratik ateratzeko eta, behingoz, ingelesa, frantsesa eta alemana bezalako atzerriko hizkuntzei balio handiagoa ematen dien zonifikazioa amaitzeko".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!