Nafarroako kultur arloko lehen lan hitzarmena eskatu dute CCOOk, UGTk, LABek eta ELAk

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 1a, 11:43

Otsailaren 3tik hiru patronalekin negoziatzen ari dira sindikatuak aurrerapausorik lortu gabe. Gaur Nafarroako Kultur departamentuaren atean protesta egin dute, administrazioak ardura zuzena duelako kontratazio eta lan baldintzetan. Ez dute greba bezalako protestak antolatu behar izatea.

1.000 nafar inguruk lan egiten dute kultur arloan Nafarroan, artistak kontutan hartu gabe. Kultur guneen kudeatzaileak dira, langileak, sarrera saltzaileak, programazio arduradunak... Lan hitzarmenik gabe lan egiten dute, kontratatzen dituzten tokiaren araberako lan baldintzak izanik. horrek, desberdintasun aunitz sortzen du batzuen eta besteen artean. "Orokorrean oso sektore feminizatu eta prekarioa da" azaldu du LAB sindikatuko Arantxa Ordoñezek, "Jardunaldi partzialak dira nagusi beraz gehienek bizpahiru tokitan lan egin behar dute, soldata duin bat jaso ahal izateko".

Pasa den otsailean negoziazio mahai zabaldu zen patronal eta sindikatuen artean baina orduz geroztik ez da akordiorik lortu. "Patronalak mahai gainean jarri dituen proposamenak, sindikatuok eskatzen dugunetik oso urrun geratu dira" azaldu du Ordoñezek, "Eta kultur langileak, hitzarmena noiz iritsiko zai egoteaz nekatzen hasiak dira".

CCOO, UGT, LAB eta ELA sindikatuek argi dituzte aldarrikapenak: "KPIari loturako soldata igoerak, lanaldiaren luzeraren murrizketa edo ta betebehar eta kategorien zehaztapena dira nagusienak" azpimarratu du LAB sindikatuko arduradunak.

Gaur, Nabarreriara eraman dute protesta, Kultur departamentuaren atera, "Kontutan eduki behar da Nafarroan administrazioak kultur kontratuen %90a egiten duela, beraz Gobernuak auzi honetan posizionatu beharko luke" aldarrikatu du Arantxa Ordoñezek.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!