Gaurko egunez duela 41 urte sortu zen Giza Immunoeskasiaren Birusaren aurkako borroka, New Yorken. Nafarroan, 35 urte baino gehiago dira eragile herritarrek GIBaren pandemiari erantzun asoziatiboa ematen diotela. Gaur, munduko egunean, manifestua kaleratu dute. “Badakigu zer gertatu den pandemiaren berrogei urte luze hauetan. GIBari lotutako min-, bakardade-, ikusezintasun-, gaixotasun-, heriotz- eta diskriminazio-historiak, gure munduan milioika pertsonak pairatu dituztenak eta jasaten jarraitzen dutenak", aitortu du Jon Urangak.
40 urte igaroagatik ere GIBarekin bizi diren pertsonekiko estigma eta diskriminazioa gainditu beharreko egitekoa dela zehaztu dute. Carlos Artundo Osasun zuzendari nagusiarekin batera egin dute aldarrikapena, eta bat egin du horrekin gobernuko kideak. “Zorionez beste une batean gaude. Baina epidemia ahaztu bat bilakatu da, sozialki”, adierazi du. Horren ondorioz, besteen artean, berandu diagnostikatzen dira kasuen ia erdiak: %46, zehazki. Lehentasunen artean zerrendatu du hori Artundok, eta tratamenduen gizarteratzearen eta sexu heziketaren beharra ere azpimarratu ditu.
Eskakizun horiek bildu dituzte Sare laguntza sareak eta HIESaren aurkako batzorde herritarrak manifestuan: “Beharrezkotzat jotzen dugu prebentzio konbinatuan lanean jarraitzea; prebentzio-neurriak bermatzen jarraitzea, hala nola diagnostiko goiztiarra, PREPa hartzea, post-a eta prebentzio-materiala doan banatzea. Sexu transmisioko infekzio baten susmoa duten pertsonentzat, baliabideek duten irisgarritasunaren garrantzia azpimarratzea. Sexu-hezkuntza publikoa, komunitarioa eta zaintzan oinarritua bermatzea, sexualitatearen begirada positibo eta osasungarriarekin. Horrez gain, gune komunitarioetan sexu-hezkuntzako ildo espezifikoekin jarraitzea. Baita osasun-sare publikoko profesionalen trebakuntzan lan egitea ere”.
Eragileek “oso positibotzat” jo dute GIBa eta sexu-transmisiozko beste infekzio batzuk prebenitzeko eta kontrolatzeko Planaren Batzorde Teknikoa sortzea eta abian jartzea.