Estigmatizazioaren amaiera eta diagnostiko goiztiarra dira aldarrikapen nagusiak, Hiesaren Nazioarteko Egunean

Euskalerria Irratia 2022ko abe. 1a, 07:32
Osasun Departamentuak Hiesaren Nazioarteko EGunaren karietara plazaraturiko irudietako bat.

Urtarriletik irailera 21 GIB infekzio berri atzeman dituzte foru erkidegoan

Aurtengo urtarriletik irailera GIBak eragindako 21 infekzio berri erregistratu dira Nafarroan. Munduko Eguna dela eta, Nafarroako Osasun Publikoaren eta Lan Osasunaren Institutuak (ISPLN) Sare elkarteekin eta Nafarroako Hiesaren aurkako Herritar Batzordearekin elkarlanean egindako 'VIHDA' kanpaina berpiztu da aste honetan sare sozialetan. Kanpaina honetan, hainbat pertsonak ahotsa jartzen diete GIBarekin bizi diren pertsonei buruzko hiru istoriori.

Ekimenak hiru helburu ditu: gaixotasun hori pairatzeak dakarren estigma ikusaraztea, sentsibilizatzea eta horren aurka borrokatzea, Sexu Transmisiozko Infekzioen (STI) prebentzioa bezalako gai garrantzitsu bat alde batera utzi gabe, Foru Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.

Erakusketa eta manifestua Kondestable Jauregian

Abenduaren 1eko egitarauari dagokionez, Osasun Departamentuak eta elkarteek antolaturiko ekitaldiak Iruñeko Kondestable jauregian hasiko dira. 10:00etan, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiak, Sarek eta Nafarroako Hiesaren aurkako Herritarren Batzordeak hartuko dute parte ekitaldian. Bertan, elkarteen manifestu bat irakurriko da, azken urtean egindako lanaz hitz egingo da eta egungo erronkak errepasatuko dira.

Kondestableak, halaber, azken lau urteotan gizarte erakundeek gai honi buruz antolatutako lehiaketetako argazkiak biltzen dituen erakusketa bisitatu ahal izango da.

12:00etan, Nafarroako Parlamentuak ekitaldi instituzional bat eginen du, Ganberaren adierazpen instituzionala irakurtzeko.

Irailera arte, 21 infekzio berri

ISPLNk Nafarroan jasotako datuen arabera, aurtengo urtarriletik irailera GIBak eragindako 21 infekzio berri erregistratu dira. 2021. urte osoan 33 infekzio erregistratu ziren; 2020an, berriz, 29.

Hiesaren pandemia hasi zenetik, duela 40 urte baino gehiago, 2021eko abendura arte, 2.229 pertsona kutsatu dira GIBaz foru erkidegoan. Tratamendu antirretrobiralak infekzioaren pronostikoa hobetu badu ere, GIBarekin bizi diren pertsonen kopuruak gora egiten jarraitzen du, infekzio berrien intzidentziak bere horretan jarraitzen duelako eta biziraupenak hobera egin duelako, Gobernuak ohar batean jakinarazi duenez.

Nafarroan, 2021aren amaieran, 1.220 pertsona zeuden diagnostikatutako GIB infekzioarekin (1,9 kasu 1.000 biztanleko), eta haien artean %70 gizonak ziren. Birus horrekin bizi diren biztanleen batez besteko adina handitu egin da: erdiek 54 urte baino gehiago dituzte.

2017 eta 2021 urteen artean, HIESak eragindako 185 infekzio berri diagnostikatu ziren Nafarroan. Horien artean, gizonekin sexua duten gizonen arteko arrisku-praktikak izan ziren transmisio-modu nagusia (kasuen %49), eta, ondoren, arrisku-praktika heterosexualak (%43) eta drogak injektatzeko material ez-esterila (%4). Diagnostikoa egiteko batez besteko adina 39 urtekoa izan zen.

Bost urte horietan, GIBaren diagnostiko gehienak gizonezkoetan egin ziren (%82), baina emakumeen ehunekoak gora egin zuen aurreko urteekin alderatuta. Era berean, diagnostiko berrien %36 35 urtetik beherakoetan egin ziren. Gainera, GIB infekzioa zuten 72 pertsona hil ziren (2,2 100.000 biztanleko).

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!