Mikel Zabalzarentzat egia, justizia eta erreparazioa exijitu dute, haren hilketaren 37. urteurrenean

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 28a, 07:35

Atzoko omenaldiko une bat. (Argazkia: Lohizune AMatria)

Biktima moduan aitor dezala eskatu diote Moncloari, Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasori bidalitako eskutitz baten bitartez

Mikel Zabalzarentzat egia, justizia eta erreparazioa eskatu zuten atzo eguerdian, Orbaiztako Arma Olan Mikel Zabalza Gogoan herri ekimenak antolaturiko ekitaldian. Ez berarentzako soilik, baita “bere modura Estatuarengandik tortura eta bestelako indarkeria pairatu dutenentzako ere”, ekitaldiaren antolatzaileen izenean Eneko Villegasek azaldu zuenez. Villegasek Nafarroako Torturatuen Sareak berriki zabalduriko datuak ekarri zituen gogora: “851 torturatu eta 1.020 tortura kasu identifikatu dituzte”.

Jose Miguel Etxeberria Naparra desagertuaren anaia Eneko Etxeberriak ere hartu zuen hitza omenaldian. “Estatuak giza eskubideak urratu dizkigun pertsonei oinarrrizko beste eskubide urratzen digu: gertatutakoaz egia jakiteko dugun eskubidea”, salatu zuen. Etxeberriaren aburuz, “Estatuak arduraz jokatu behar du, ekintza edo jarduera propioetan izan dituen konplizitateak onartzeko”.

Denis Itxasori eskutitza bidali diote

Halaber, asteburuan Donostiako Altza auzoan omenaldia egin zioten Mikel Zabalzari, Altzako Herri Ekimenak antolaturik. Elkartearen izenean Jose Ramon Zapirainek salatu zuenez, Donostiako Udalak eta Eusko Jaurlaritzak dagoeneko “espresuki aitortu dute” Zabaltza torturapean hil zutela, “baina Espainiako Gobernuak oraindik ez du ezer ofizialki onartu”.

Hori horrela, Altzako Herri Ekimenak eskutitza bidali dio Espainiako Gobernuaren EAEko ordezkari Denis Itxasori, Moncloak behingoz aitor dezan gertaturikoa.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!