Euskaltzaindiak eta Iruñeko Udalak hitzarmena berritu dute

Iosu Ganuza Garcia 2022ko aza. 22a, 20:02
Enrique Maya Iruñeko alkatea, Andres Urrutia euskaltzainburua, Andres Iñigo euskaltzaina, Erramun Osa Euskaltzaindiko idazkariordea eta Sagrario Aleman euskaltzaina.

12.000 euroko ekarpena egingo du erakunde publikoak 2022an garatutako proiektuentzako.

Euskaltzaindiak eta Iruñeko Udalak lankidetza-hitzarmena berritu dute. Testuak aurtengo jarduerak hartzen ditu, urtarrilaren 1etik abenduaren 31 arte. Ekitaldian Enrique Maya Iruñeko alkateak, María García Barberena zinegotziak, Andres Urrutia euskaltzainburuak, Erramun Osa idazkariordeak, eta Sagrario Aleman eta Andres Iñigo euskaltzain nafarrek parte hartu dute.

Euskaltzaindiak "Iruñeko Udalak euskarari buruzko hizkuntza-gaietan eskatzen dizkion aholkularitza-lanak" egingo dituela berretsi dute. Gainera, "hizkuntza arloko informazio eta aholkularitza-zerbitzuak emanen dizkie herritarrei, baita txostenak eta ziurtagiriak egin ere, dela bulego orokorretan, dela Nafarroako ordezkaritzan". 12.000 euroko ekarpena eginen dio Iruñeak euskararen akademiari. Diru horrekin ere "Euskaltzaindiak kultura hedapenerako jarduerak, ikastaroak edo hitzaldiak bultzatuko ditu, entitateekiko elkarlanean". Azkenik, adostu dute "Iruñeko Udalaren liburutegi publikoek eta Udaleko Euskara Zerbitzuak Euskaltzaindiak sustatzen dituen argitalpen eta aldizkarien hamaika ale" jasoko dituztela.

Andres Urrutiak hitzarmenaren garrantzia azpimarratu du, eta azaldu du zein den aspaldiko elkarlan honen xede nagusia, hain zuzen, baliabide horiekin herritarrei ahalik eta zerbitzurik onena ematea.

Akademiak konpromisoa hartzen du dirulaguntza hitzarmena betetzeko eta harekin lortu nahi diren helburuak lortzeko erabiliko duela, eta, bereziki, Euskaltzaindiak Iruñean duen ordezkaritzari eusteko eta Iruñetik herritarrei eskaintzen dizkien hizkuntza-aholkularitzako zerbitzuak emateko.

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!