Euskarazko testu juridikoen erakusketa zabaldu dute foru parlamentuan

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 15a, 07:24

'Hitzak Lege' erakusketaren inaugurazioa (Argazkia: Nafarroako Parlamentua).

Hitzak Lege erakusketa urtarrilaren 15era arte izanen da ikusgai ganberako atalondoan

Nafarroako Parlamentuak Euskaltzaindiarekin eta Eusko Legebiltzarrarekin elkarlanean antolatu du erakusketa. “Pertsona eta erakundeen arteko harreman juridikoetan euskarak lortu duen garrantzia nabarmentzeko helburua du bildumak. Berriz ere euskarak, gure hizkuntzak, batzen gaitu gure ondarea, historia eta oraina balioesteko”, azaldu du erakusketaren inaugurazioan foru parlamentuko presidente Unai Hualdek.

Euskaraz sortutako testu juridiko esanguratsuen bilduma honek “agerian uzten du idatzizko zuzenbideak gure historian eta gure hizkuntzan duen garrantzia, Foru Legegileak berak aurkeztutako dokumentuetan ikus daitekeenez”.

Eskuizkribuen, dokumentuen eta ikus-entzunezko piezen bilketan eta  antolaketan parte hartu duten pertsona eta erakunde guztien laguntza eskertu ondoren eta Ganberako zerbitzuak berariaz aipatuz, Unai Hualdek adierazi du “hizkuntzek, are gehiago berezkoen kasuan, ez diotela inori kalterik egiten. Aitzitik, pertsona eta gizarte gisa aberasten gaituzte. Garrantzitsua da hori gogoratzea, oraindik ere, zenbait kasutan, errealitate hau ukatu egiten baita”.

Lehendakariak, amaitzeko, eskerrak eman ditu, eta “Euskararen Foru Legean oinarrituta Nafarroako erakundeei euskara zaintzeko eta sustatzeko dagokien betebeharra” aldarrikatu du. “Jarrai dezagun geure hizkuntzaren aldeko pausoak ematen. Goza ezazue gure izaeraren isla ere baden erakusketa honetaz, euskararen lurraldean bizi garenon izaeraz, jakina baita emandako hitzak lotzen gaituela, konprometitzen gaituela”.

Andres Urrutiak, Euskaltzaindiko lehendakariak, euskararen aberastasuna, aniztasuna eta sakontasuna goraipatu ditu, izan ere, “haren garrantzi historikoa eremu publiko eta pribatuko harreman juridikoetara ere iritsi baita, erakundeen arteko lankidetzaren emaitza den erakusketa honetan agerian geratu den bezala. 2017an Legebiltzarreko Hiztegi juridikoa aurkeztu genuen, gaur euskarak dituen baliabide juridikoen lekukotza ekarriko dugu. Eskerrik asko”.

Hitzak Lege erakusketa ibiltaria dokumentuen informazioa ematen duten 25 panel fisikok osatzen dute, hiru ataletan banatuta: aldeen arteko harreman juridikoak, eragin kolektiboko testu juridikoak, eta testu parajuridikoak. Gainera, 3 panel elkarreragile, 3 panel argiztatu eta 2 bitrina ditu (dokumentu originalak erakusteko). Helburua da esparru juridikoan aspaldidanik egin den ekarpena ezagutaraztea.

Urtarrilaren 15era arte egongo da zabalik, 10:00etatik 20:00etara, astelehenetik ostiralera (ostegunetan izan ezik) eta 11:00etatik 14:00etara larunbatetan.

Ekitaldia Ganberaren atalondoan ospatu da, eta, besteak beste, honako hauek izan dira bertan: Inma Jurío, lehen lehendakariordea, Maiorga Ramirez, bigarren idazkaria, Isabel Olave (Navarra Suma), Uxue Barkos (Geroa Bai), Laura Aznal (EH Bildu), Ainhoa Aznarez (Podemos-Ahal Dugu), Marisa de Simón (I-E) eta Ana Ollo, Herritarrekiko Harremanetako kontseilaria.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!