Euskararen plan estrategikoa onartzeko dutela onartu du Txibitek

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 10a, 10:29

Euskaraldiaren hirugarren edizioa eta Bertsolari Txapelketa Nagusiaren finala Iruñean jokatuko dela nabarmendu du Maria Txibitek.

Euskararen alorrean egitekoak pilatu ditu Nafarroako Gobernuak azken legegintzaldian. Bi dira mahai gainean dituzten lanak: merezimenduen dekretua eta Euskararen bigarren plan estrategikoa. Onartu gabe daude biak, baina bigarrenari soilik egin dio erreferentzia gaur Maria Txibite Nafarroako presidenteak, erkidegoaren inguruko eztabaida berezian: “Euskararen Plan Estrategikoa onartzeke dago oraindik”.

Euskarabideari eskainitako atalean mintzatu da presidentea euskarari buruz. 121 hitz eskaini dizkio, ia 16.000ko hitzaldian. “Digitalizazioa bultzatzea zeregin estrategikoetako bat izaten ari da. Proiektu propioak izateaz gain, beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzen da euskarazko eduki digitalak zabaltzeko eta teknologietan gehiago erabiltzeko”, nabarmendu du.

Irakaskuntzari lotuta, sentsibilizazio programak aipatu ditu. “Euskarari eta euskararen ikaskuntza sustatzeari buruzko sentsibilizazio-programekin jarraitzen da, eta aurten euskarari buruzko lehen jardunaldia antolatu da eremu sozioekonomikoan”.

Bi egitasmo azpimarratuz amaitu du euskarari buruz esandakoa: “Hilabete honetan Euskaraldiaren hirugarren edizioa ospatuko da eta datorren urtean gazte eta euskara topaketa izango da. Gogoratu nahi dut, halaber, abenduan lehen aldiz ospatuko dela Iruñean Bertsolari Txapelketa Nagusia”.

"Hizkuntza politikan ez da aldaketarik izan"

Sakoneko aldaketarik gabeko legegintzaldia izan da Euskalzaleen Topaguneko eta Euskaltzaindiako ordezkarien iritziz amaitzear dena. PSNk hala nahi duelako ez dute onartu plan estrategikoa Topaguneko Oskar Zapataren iritziz: "PSNk atzera egin du eta kajoi batean dago plana". Metropoli Foralean euskarari lotutakoen analisia egin du Zapatak Sagrario Aleman euskaltzainarekin batera. 

"Hizkuntza politika eraginkorra" galdegin dute biek, eta horretarako euskararen legea aldatzea eta zonifikazioa gainditzea ezinbestekoa dela adierazi dute. "Egia da orain gobernu honek diru gehiago jarri duela, baina politikari dagokionez ez da aldaketarik izan", zehaztu du Alemanek.

Metropoli Foralean izan diren solaskide gehienek egin dute bat euskarari lotutako hutsunearekin. PSNk eskuinari eta PSOEri dien beldurraren adierazle dela adierazi dute Patxi Zabaletak, Aingeru Epaltzak eta Edurne Eginok, eta egoerari aurre egiteko politika feministak behar direla gaineratu du Batzarrekoak.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!