Nafarroako Gobernuaren egonkortasunaz mintzatu da Maria Txibite Nafarroako Gobernuko presidentea, Nafarroako egoeraren inguruko osoko bilkura berezian. “Konfiantzarako tresnarik onena da, zentraltasunetik eta elkar ulertzeko gaitasunetik ziurtasuna ematen dela erakusten dugu, zalantzazko garai hauetan", adierazi du. Navarra Sumari zuzendu zaio hitzaldiaren hasieran, eta prest azaldu da garai batean PSN eta UPNren arteko akordioak berreskuratzeko. "Legegintzaldi honetan, hauteskundeak gertu daudenez, ez diot Navarra Sumari norabide politikoa aldatzeko eskatzen, baina beste une batzuetan izan zuen instituzionaltasunera itzultzeko eskatzen diot", zehaztu du.
"Erakundeak dira sistema demokratikoaren oinarria", jarraitu du. "AEB, Italia, Brasil edo Gaztela eta Leon kontuan hartu beharreko guneak dira, haustura politiko eta sozialetan ez sakontzeko". Herritarrek erakundeekiko duten mesfidantza "oso larria" dela iritzi dio, "populismoak" sustatzen dituelako.
Gobernuko buruak adierazi duenez, "mehatxu” ekonomikoak izan arren, “oinarriak sendoak dira". "Erresilienteak izan behar dugu eta batasuna erakutsi”. "Gutxiengoan dagoen gobernua gara, eta gai izan gara, elkarrizketaren eta akordioaren bidez, ekimenak aurrera ateratzeko”, adierazi du Txibitek. “Gehiengo soziala” izendatu du akordioa, eta lortu dutela iritzi dio: “Ekarritako lege ekimenen %72 kontrako botorik gabe onartu dira, eta %40 aho batez". Lau aldiz aurrekontuak hitzartu izana ere azpimarratu du.
Autogobernua eta eskuduntzak
"Gure autogobernua sendotzeko lanean jarraituko dugu", ziurtatu du Txibitek. "Legegintzaldi honetan duela hogei urte baino aurrerapen gehiago lortu ditugu. Eta estrategia argi batekin egin dugu: konpromiso irmoa, elkarrizketa eta gure instituzionaltasunaren defentsa", esan du. Trafiko eta Bide Segurtasunaren eskumena Nafarrori transferitzeko "lanean" jarraitzen dutela adierazi du. "Legealdia amaitu baino lehen" gertatu dela espero du. "Nafarroako eskumenen defentsa irmoa egiten ari gara, ez zaratatsua", azpimarratu du. "Aldebiko Lankidetza Batzordearen negoziazioaren eta elkarrizketaren bideari esker, legegintzaldi honetan Estatuak agertutako desadostasunei buruzko 11 akordio lortu dira, eta Konstituzio Auzitegian beste hainbeste helegite saihestu dira", azaldu du.
ELA, LAB eta Steilas: "Eznahikoa izan da gobernuak egindakoa"
Zortzi urte dira UPN gobernuan ez denetik, baina PSN ekuazioan sartzean, lan alorrera erregionalisten garaiak itzuli direla iritzi diote ELA eta LAB sindikatuek. Enplegu plana jarri du adibidetzat ELAko Imanol Paskualek Metropoli Forala saioan. Elkarrizketa sozialaren mahaian onartu zuen gobernuak, UGT, CCOO eta patronalarekin, eta horri esker diru laguntza jasotzen dute urtero. Beste adibide bat jarri du LABeko Imanol Karrerak: lan auzitegiarekin gertatutakoa. Sindikatuak uste du CCOO, UGT eta patronalak gobernua presionatu dutela haiek ez sartzeko. Oso larritzat jo du. UPN gobernuan ez egotea txalotu dute bi sindikatuetako ordezkariek, Steilas-ekin batera. Baina hobetzekoak zerrendatu dituzte: zerga sistema, azpiegitura handiak, euskara, PAI edota behin behinekotasuna.