Hotsein!: euskara erabiltzeari deiadarra izanen da Etxarriko Nafarroa Oinezaren leloa

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 3a, 11:31

Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolan hasi dira 2023ko Nafarroa Oineza prestatzen. Badute dagoeneko leloa eta irudia: Hotsein! eta bozgorailu koloretsu bat. Euskararen zirikatzaile izan nahi dute, erabilera apaltzen ari delako kezkatuta.

2023ko Nafarroa Oinez festa martxan da dagoeneko. Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolako guraso, ikasle, zuzendaritzako kide eta ikasle ohiak antolatzen hasi dira. Dagoeneko 200 pertsona inguru hasi dira lanean, datorren urteko urriko festa prestatzen.

Gaur egin dute aurkezpen publikoa. Leloa Hotsein! izanen da eta irudian bozgorailua azalduko da. "Aditz honek bi esanahi ditu Sakanako hizkeretan: batetik, ´zarata egin, eta, bestetik, ´deitu´edo ´aldarrikatu´" azaldu du Izaskun Errazkin Andra Mari ikastolako guraso ordezkariak, "Batetik, Andra Mari ikastolak zarata egin nahi du, euskara txoko guztietan entzun dadin. Bestetik, dei zabal bat egin nahi dugu arnasguneetan dauden ikastolon alde, proiektuen horien beharra aldarrikatuz".

Euskararen bultzada izateaz gain, 2023ko Nafarroa Oinezak Bigarren Hezkuntzako eraikina zaharberritzeko balioko du. "1965ekoa da eraikina eta irigarritasun arazoak ditu, baita isolamendu eskasa ere" azaldu du Iñigo Orella ikastolako zuzendariak. Egun Andra Mari Ikastolan 14 herritako ikasleak biltzen dira, 247 ffamilia eta 409 ikasle eta 56 langile.2023koa, Nafarroa Oineza antolatzen duen laugarren aldia izanen da.

Tafallako arrakasta

Lekukoa hartu du Etxarriko ikastolak Tafallako Garces de los Fayos ikastolaren eskutik. Tafallarrak pozik azaldu dira aurtengo festaren emaitzaz, "Hasiera batean markatutako helburuak bete dira" adierazi Paula Arregi ikastola zuzendariak, "Aurreikuspen guztiak bete eta gainditu dira, oraindik ez dugu zifra zehatzik baina gune gehienetan bukatu ziren edari eta jakiak".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!