Energiaren garestitzeari aurre egiteko enpresentzako laguntzak onartu ditu parlamentuak

Euskalerria Irratia 2022ko aza. 3a, 10:33

Argazkia: Nafarroako Parlamentua

Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuarentzako 20 milioi euroko aparteko kreditua baimendu du Nafarroako Parlamentuak, Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Ahal Duguren botoekin.

Nafarroako Parlamentuak gobernuak aurkeztutako lege-proiektu bat onartu du osoko bilkuran. Horren bidez, 20 milioi euroko aparteko kreditu bat eman zaio Ekonomia eta Enpresa Garapeneko Departamentuari, 2022ko otsailaren 1etik irailaren 30era bitartean Nafarroako enpresek izan dituzten gainkostu energetikoak finantzatzeko laguntza-programa bat abian jar dezan.

Lege-proiektua irakurketa bakarreko izapidearen bidez onartu da. Navarra Sumaren, PSNren, Geroa Bairen eta Ahal Duguren babesa izan du, eta EH Bildu eta Ezkerra abstenitu dira.

Mikel Irujo Nafarroako Gobernuko Garapen Ekonomiko eta Enpresarialeko kontseilariak azaldu duenez, Ukrainako gerraren ondorioei aurre egiteko 20 miloi euroko kreditua behar dute onuradun izan daitezkeen 4.000 enpresak. Kreditu hori PFEZaren diru-sarreren partidaren kargura finantzatuko da.

Irujok azaldu duenez, Gobernua oinarri batzuk lantzen ari da, eta, horien arabera, jarduera ekonomiko bat egiten duten enpresak eta baldintza jakin batzuk betetzen dituzten enpresaburu autonomoak izango lirateke onuradun. Laguntzek gehieneko muga izango dute.

Maria Jesus Valdemoros Navarra Sumako parlamentariak adierazi duenez, "egoera ekonomiko zailean gaude, eta, zoritxarrez, datozen hiruhilekoetan okerrera egingo du".

Enpresak laguntzeko unea dela adierazi du Navarra Sumak baiezkoa azaltzerakoan. PSNk bide beretik jo du. Geroa Bairen aldetik, Mikel Asiainek azaldu du laguntza hori "Europar Batasunak baimentzen duen koiunturazko neurria" dela, baina Europaren esku dagoela ere beste neurri batzuk hartzea ere: “Hala nola, merkatu energetikoan esku hartzea, enkante sistema aldatzea, gasa batera erostea edo salbuespen iberikoa Europa osora zabaltzea".

Abstentziora jo dute gainerako taldeek. EH Bilduko Laura Aznalek esan du bere taldea "oso kontziente" dela "premiazko laguntza behar duten negozioak daudela", baina adierazi du "20 milioi horiek PFEZaren bidez finantzatzea ez dela batere egokia". Mikel Buil Ahal Duguko bozeramaileak kritikatu du, aldiz, arazorik ez duten enpresa handiek ere laguntza jasoko dutela.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!