Estatuaren biktimekiko "trataera desorekatuarekin" amaitzeko urratsak eskatu ditu Foro Sozialak

Euskalerria Irratia 2022ko urr. 4a, 12:36

Foro Sozial Iraunkorreko kideak, Nafarroako Parlamentuan, gaur.

Foro Sozial Iraunkorrak Estatuaren biktimak: asimetriatik berdintasunera txostena txostena aurkeztu dio Unai Uhalde Nafarroako Parlamentuko presidenteari.

2021aren amaieran presoen harreren auzia "egoki" bideratu ondoren, Foro Sozial Iraunkorrak iragarri zuen 2022rako bere lehentasunezko lan ardatza estatuaren biktimek jasaten duten tratamendu asimetrikoa gainditzea izango zela. Lan horren emaitza den dokumentua aurkeztu diote gaur Nafarroako Parlamentuko presidente Unai Uhalderi. Estatuaren biktima batzuek iritzi publikoari egiten dizkioten eskaeren kronika eguneratu dute, helburu bikoitzarekin: "Dagozkien eskubideak bermatuak izan daitezen eta bizikidetza demokratikoari ekarpena egiteko".

Zortzi eskaera jaso dituzte: giza eskubideen urraketak jasan dituzten pertsonei errespetuz entzutea, haien esperientziak ezagutzeko eta testigantzak eta bizipenak zabaldu ahal izateko; belaunaldi berriei zer gertatu den transmititzearen garrantzia; Estatuaren biktimen testigantzei eta esperientziei publikoki ematen zaien tratamendu desorekatuarekin amaitzea; biktima homogeneoki ez tratatzea; biktima guztiak aitortzea, kategoriarik eta diskriminaziorik gabe; neurriak hartzea biktima guztiek duten eskubide nagusia, egiarako eskubidea, bermatzeko; 1968ko Sekretu Ofizialen Legea indargabetzea eta Estatuak, epe labur-ertainean, giza eskubideen urraketetan duen erantzukizuna bere gain har dezan behar diren baldintzak eraikitzeko lan egitea. 

Eskaera horiek Foro Sozial Iraunkorrak 2022ko udaberrian antolatutako bi topaketa publikotan jaso ziren, Madrilen eta Donostian. Rosa Lluch, Idoia Zabalza, Maria Jauregi, Axun Lasa, Alberto Muñagorri, Tamara Muruetagoiena, Karmen Galdeano, Eneko Etxeberria eta Maider Garcia Goena solaskideek parte hartu zuten.

Erakundeak argitu du parte hartu duten biktima hauek ez dutela ordezkatzen indarkeria-zikloaren testuinguruan gertatutako giza eskubideen urraketen biktima guztien iritzia. "Biktimek behin eta berriz gogorarazi digutenez, adosturiko iritzi hori ez da existitzen, elkarte gutxi batzuen buruan izan ezik, talde homogeneo baten bozeramaile izan nahi dutena, denek pentsamendu bakar bat izango balute bezala", azaldu dute.

Estatuaren biktimentzat 2022. urtea garrantzitsua izaten ari da Nafarroan Foro Sozialaren iritziz. "Aurrera pausuak ematen ari baita aitortuak izateko bidean eta egia, justizia eta erreparaziorako eskubidean", arguditu dute. Hiru urrats aipatu dituzte: irailaren 22an eratu zen Foru legearen Balorazio Batzordea, Kriminologiaren Euskal Institutua torturak Nafarroan izan duen eraginari buruzko azterlan bat prestatzen ari dela eta, gizarte zibiletik eta, bereziki, torturatutako pertsonen saretik egiten ari den "lan garrantzitsua".

Txostena Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dute urriaren 19an, Herritarrekiko Harremanetarako Batzordean.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!