UPNren inbertsio politika kritikatu dute taldeek

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko urr. 3a, 11:55

Izan duen kostuaren hamarren baten truke saldu du Nafarroako Gobernuak Los Arcosko zirkuitua. UPNren gobernuaren egitasmoz eraiki zen, 2008an.

"Gaizki hasi zen inbertsio baten amaiera bizitzen ari gara", adierazi du Geroa Baiko Uxue Barkosek. "Gaizki hasten dena, gazki bukatzen da", berriz, EH Bilduko Bakartxo Ruizek. Los Arcosko zirkuitoaren salmenta, UPNren inbertsio politika kritikatzeko baliatu dute gaur Navarra Suma ez beste, Nafarroako Parlamentuko gainerako taldeek.

67,8 milioiko inbertsioa izan duen azpiegitura bat 7 milioiren truke saldu berri dio Nafarroako Gobernuak Motor Sport Visión enpresari. PSNek eta Geroa Baik erabakia txalotu dute. "Nafarrek ez dute azpiegiturarengatik ordaintzen jarraitu beharko", adierazi du Ramon Alzorriz sozialistak. "Irtenbiderik onena izan da", esan du, berriz, Barkosek.

Nafarroako historiko inbertsio politikaren "kapitulu beltz" gisa identifikatu dute, salatuz UPNk interes ekonomikoak sozialen gainetik izan dituela agintean izan denean. Los Arcosko zirkuitua hasieratik azaldu da diru publikoaren xahutzeari eta kudeaketa traketsari lotuta. Hasiera batean Samaniego Vianako eraikuntza enpresaren egitasmo pribatua izan zen. Baina ia osorik ordaindu du azpiegitura arlo publikoak. Irabazia kapital pribatuarentzat izan da; galera, berriz, zergadunentzat.

Azken urteetako kudeaketan jarri du gaur fokua Navarra Sumak: "Azken zazpi urteetan Barkosen eta Txibiteren gobernuak ez dira gai izan martxan jartzeko". Salmentaren zenbatekoarekin kezka du koalizioak, eta Kultura eta Kirol kontseilariaren agerraldia eskatu du. "Inbertsio egokia izan zen edo ez denborak esanen digu", adierazi du eskuineko hirukoak. UPNren gobernu taldeek martxan jarritako zenbait azpiegitura erraldoiren ibilbidea jarraitu dezakeela uste du. Nafarroa Arena eta Tuterako nekazaritzako elikagaien hiria jarri ditu adibide.

Galerak pilatu dituen azpiegitura

2007ko urtarrilean aurkeztu zion proiektua Samaniegok Los Arcosko UPNko alkate Jeronimo Gomezi. Sei milioi euroko aurrekontua izango zuen azpiegiturak hasiera batean. Alkateak Nafarroako Gobernura helarazi zuen proiektua, eta 2007ko maiatzean SPRIN sozietate publikoak akordioa izenpetu zuen Samaniegorekin. Circuito Los Arcos SL enpresaren partaidetzaren %45 erosiko zuen. Lau hilabeteren buruan, zirkuituaren hasierako aurrekontua 28 milioi eurora arte handitu zen. Finantzaketaren zati handiena SPRINek jarri zuen.

Lehiaketa publikorik egin gabe, Samaniegok hartu zuen bere gain azpiegituraren ordainketa. 2008ean hasi ziren obrak. Faktura, 62,2 milioikoa izan zen. Samaniegok ezin zion aurre egin fakturari, eta SPRINek enpresaren %95 bereganatu zuen. Obra finantzatzeko mailegua, Nafarroako Kutxak eman zuen. Nafarroako Gobernuak bermatutako 25 milioi euroko kreditua eman zion zirkuituaren enpresa kudeatzaileari. Nafarroako Kontuen Ganberak 2010ean egindako azterketa baten arabera, Samaniego enpresa izan da onuradun nagusia. 33,4 milio euro jaso zituen.

2013ko udazkenean gobernuak Los Arcos Motorsport enpresari adjudikatu zion zirkuituaren kudeaketa, eta bost urterako alokairu kontratua izenpetu zuen, bost urtean 1,3 milioi euro pagatzeko.

2021ean NICDO Nafarroako Kultura, Kirol eta Aisialdi Azpiegituren enpresa publikoak hartu zuen bere gain du Los Arcoseko azpiegituraren zuzeneko kudeaketa, "errentariak atzera egin eta beste enpresa batekin akordioa formalizatu arte".

 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!