Memoria Demokratikoaren legeak ez du Mikel Zabalza aintzat hartzen

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 30a, 07:45

Mikel Zabalzaren hilketa salatzeko pintada, Agoitzen.

Geroa Baik Espainiako Senatuan kritikatu du Memoria Demokratikoaren Legeak ez dituela barne hartzen ez Mikel Zabalza ez gerra zikinaren biktimak.

Geroa Baiko senatari Koldo Martinezek legeari egindako zuzenketak defendatu ditu, eta Espainiako Gobernu Ezkabako gotorlekua memoriaren leku bihurtzearen kostua (35 milioi euro) bere gain har dezala eskatu du. 
Martinez Nafarroako senatari autonomikoak Goi Ganberako Batzorde Konstituzionaleko eztabaidan salatu duenez, Memoria Demokratikoaren lege-proiektuak kanpoan uzten ditu Mikel Zabalza eta gerra zikinaren beste hainbat biktima. “Ez dugu legearen denbora-esparrua onartzen. Ez dugu ulertzen legeak 1978 memoriaren amaiera-data gisa ezartzea, nahiz eta PSOEk eta EH Bilduk negoziatu ondoren 1982ra arte luzatu den, ez dakigu zergatik”, azaldu du Martinezek. “Lege horrekin Lasa eta Zabalaren hilketa iker liteke, baina ez Mikel Zabalzarena. Eta beste biktima askorenak ere ez. Eta ez dugu ulertzen eta ez dugu ontzat ematen», gaineratu du Geroa Baiko hautetsiak, legearen eztabaidan, Konstituzio Batzordean, irizpena Goi Ganberako datorren asteko osoko bilkurari aurkeztu aurretik.
Horrela, Geroa Baik legearen esparrua zabaltzea proposatu du, gutxienez 1989ko irailaren 20ra arte, postari bat, Jose Antonio Cardosa, berari zuzenduta ez zegoen bonba-pakete bat leherrarazita hil zen arte. Koldo Martinezek gogorarazi du Barne Ministerioko goi-kargudunek ziurtatu zutela atentatua Ministerioak berak antolatutako bonba-paketeen kanpaina baten parte izan zela.
Giza eskubideen urraketek -salatu du Koldo Martínek- 1978an Konstituzioa onartu ondoren jarraitu zuten. “Edo GALen azken hilketa izan al zen Josu Muguruzarena urte horretako azaroaren 20an?”, galdetu du Koldo Martinezek.
Bestalde -gogorarazi du Geroa Bai-ko senatariak-, ETAren azken krimena 2010eko martxoan gertatu zen, jarduera terroristaren amaiera iragarri baino urtebete lehenago, “eta hori ere gure memoriaren parte da, erakunde terrorista horrek eta haren akolitoek eragin zuten alferrikako sufrimendu guztiagatik, eta ez dugu ahaztu nahi eta ez dugu ahaztu behar”, esan du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!