LAB eta ELA “sumindurik”, Nafarroako langile publikoen soldata igoera dela eta

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 29a, 07:30

LABeko eta ELAko ordezkariak, beste zenbait sindikatuetakoekin batera, Merezimenduen Dekretuaren aurkako manifestaziora deitzen, artxiboko irudi batean.

Igoera %3 eta %3,5 artekoa izanen da eta, inflazioa %8,9koa izanda, sindikatuok diote “zigor” bat dela, lan-baldintzen zein baldintza sindikalen ikuspegitik. Erosteko ahalmenean galera %6koa dela nabarmendu dute.

LABek eta ELAk haserre hartu dituzte Nafarroako Gobernuak zein Espainiako Exekutiboak langile publikoentzat iragarritako soldata igoerak. Foru Erkidegoan %3koa izanen da. Estatuan, %3,5ekoa, urte amaierarako %8,9ko inflazio metatua aurreikusten denean.
"Langile publikook gure erosteko ahalmenaren %20 galdu dugu azken urteotan, eta orain beste %6ko galerarekin zigortu nahi gaituzte", salatu du LABek.
Sindikatu abertzalearen ustez, "langile publikoentzako murrizketa bat da", eta ez dute onartuko. "Ez da soilik langile publikoen arazoa. Ekoizpen-sektore guztietan politika neoliberalak pairatzen ari gara, enpresa handien, bankuen, petrolio-enpresen eta energia-enpresen etekinak etengabe handitzen ari direnean”, salatu dute.
"Nafarroako Gobernua, Estatukoa eta patronala egungo egoeraz baliatzen ari dira gure lan eta soldata baldintzak erasotzeko", salatu du LABek, eta ohartarazi du hori ez dutela onartuko, ez langile publikoetzat ezta gainontzekoentzat ere".

ELAren mezua Hego Euskal Herriko gobernuentzat 

ELAk, bere aldetik, Nafarroako eta EAEko Gobernuei "langile publikoak zigortu" nahi izatea leporatu die, langile publikoentzako soldata igoera datorren urtean %3 eta %3,5 artekoa izanen baita. ELAren arabera, igoera horrek %5etik gorako erosteko ahalmen galera ekarriko luke EAEko eta Nafarroako sektore publikoko milaka langilerentzat.
Horri erantsiko litzaioke azken urteetan izandako %16ko galera (hainbat ekitalditan KPIaren azpiko soldata igoerak izan baitira), eta horrek erosteko ahalmenean %20 baino gehiagoko galera metatua utziko luke, sindikatuaren arabera. ELAk euskal alderdiei gogorarazi die euren botoekin eta erabakiekin murrizketa berri hori bermatuko duten ala ez, bai Madrilgo Kongresuan, bai Nafarroako eta Gasteizko parlamentuetan.
ELAk bi erabaki hartzeko eskatu die euskal erakunde eta alderdiei: lehena, langile publikoen lan-baldintzak eta enplegua hemen negoziatu eta adostea, eta bigarrena, 2023rako gutxienez 2022ko KPIa bermatzea, baita iaz izandako erosketa-galera ere. Helburu hori lortzeko, ELAk proposamenak eta ekintzak argitaratuko ditu datozen egunetan.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!