Nafarroako Parlamentuak, Nafarroako Parlamentuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barne Arazoetarako Batzordean, aho batez onartu du astearte honetan Foru Gobernuari eskatzeko "otsailaren 9ko 11/2009 Foru Dekretuaren 16. artikulua alda dezala (11/2009 Foru Dekretua, Nafarroako Administrazio Publikoetako funtzionarioen oporrei, lizentziei eta baimenei buruzko Erregelamendua onartzen duena), guraso bakarreko familien baimena beste 17 astez luza dadin".
Onartutako ebazpenak bigarren puntu bat jasotzen du, eta bertan, "guraso bakarreko familietan amatasun eta aitatasun-baimenak 32 astera arte luzatzeko" eskatu diote Madrilgo Gobernuari.
Testua Geroa Baik eta Podemosek aurkeztu duten in voce ordezkapen zuzenketa baten emaitza da. EH Bilduk, ekimenaren titularrak, onartu egin du moldaketa.
Zergatika azaltzerakoan, A Coruñako Administrazioarekiko Auzien 2 zenbakiko Epaitegiaren ebazpen bat aipatzen dute. Epai horrek, 2022ko otsailaren 17an, Administrazioaren irizpidea ezeztatzen zuen, eta bikotekiderik gabeko funtzionario bati eta amari aitortu zien 32 asteko baimena, semearen jaiotzarengatik, horrela bermatzen delakoan "legeak familia tradizional batean guraso bakoitzari bananduta ematen dion denbora gehitzeko eskubidea".
Guraso bakarreko familiek duten "desabantaila" zuzentzeko asmoz, baita sexuari dagokionez ere, familia-unitate mota hori "batez ere emakumeek" osatzen baitute, indarrean dagoen erregulazioa hainbat autonomia-erkidegotako auzitegiek egindako interpretaziora egokitu behar dute, eta, haren ustez, "guraso eta seme-alaben arteko lotura ez da erabakigarria adingabearen zaintza eta arreta-eskubideak finkatzerakoan".