San Ferminetako Curia karrikako gertakariak Espainiako Diputatuen Kongresura eramanen ditu Beltranek

Juan Kruz Lakasta Zubero 2022ko ira. 26a, 13:44

Ana Beltran Nafarroako Parlamentuan, artxiboko irudi batean. (Argazkia: Nafarroako Parlamentua).

Bihar, asteartearekin, gaitzespena eskatuko du Konstituzio Batzordean, legez besteko proposamen baten bitartez.

Ana Beltran ez dago une politikorik onenean. Pablo Casadoren alde egin zuen Alberto Nuñez Feijoo gailendu zelarik PPko presidentetza lortzeko lehian. Ordutik, Espainiako Diputatuen Kongresuko talde popularrean zokoraturik daukate. Eta ABC eta EL Pais egunkariek iragarri dutenez, sarri Nafarroako PPko presidente izateari utziko dio, zuzendaritza berritzen dutelarik, hain zuzen ere. Joan den ekainean egin behar zuten, baina data berri zehatzik gabe atzeratu egin dute. Gauzak horrela, haren balirudike uztailaren zazpiko Iruñeko Curia karrikako gertakariak baliatu nahi dituela fokoak erakarri eta bere irudi politikoarentzat dirdira pixka bat lortze aldera, bere garaian Altsasuko gazteen auziaren kontura egin zuen bezala.

Beltranek sanferminetako prozesioko “erasoak gaitzesteko” eskatuko du bihar Diputatuen Kongresuko Konstituzio Batzordean, legez besteko proposamen baten bidez. PPNtik prentsa-ohar batean jakinarazi dutenez, "Navarra Sumako eta Alderdi Sozialistako zinegotziek jasan zuten erasoa gaitzestea nahi du, bereziki hiriko alkateak jasan zuena", baita "udal agenteek dispositiboan egindako lana eskertzea eta zauritutako agenteei elkartasuna adieraztea" ere.

Beltran "zorrotza" izan da proposamen honekin bilatzen ari den kondenari dagokionez. "Bihar ikusiko dugu batzuen interes politikoek zenbateko pisua duten eta demokrazian onartezinak diren ekintza batzuk gaitzesteko gai diren", adierazi du.

Proposamenaren helburua omen da, halaber, Gobernuari eskatzea "Iruñeko alkateak, udalbatzako beste kide batzuek eta udaltzainek jasandako kale borrokako ekintzen egileak identifikatzeko eta atxilotzeko beharrezkoak diren ekintza guztiak garatzea; ezker abertzalearen indarkeria politikoko ekintzen prestaketen eta exekuzioaren gaineko kontrola handitzea, ekintza horiek gerta ez daitezen; eta Gobernuak sustatutako itun eta akordio politikoetatik kanpo uztea ETAren existentzia esplizituki gaitzesten ez duten alderdiak".

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!