Eraginkorrak al dira enplegua sustatzeko diru laguntzak?

Euskalerria Irratia 2022ko ira. 8a, 09:59

Kontuen Ganberak Nafarroako Gobernuak enplegua bultzatu eta langabezia jaisteko 2017-2021 epean eman dituen diru-laguntzak aztertu ditu.

Bi dira laguntza motak: batetik, toki entitateek jasotzen dituztenak langabetuak kontratatzeko; bestetik, enpresei zuzendutakoak, praktiketan aritzeko gazteak hartzeko. Kontuen Ganberak langabeziaren azken hogei urtekotako bilakaera aztertu du, Nafarroako eta Estatuaren bataz besteko portzentajeak alderatuz. Azterketaren ondorioa garbia da: langabeziaren gora-beherak zentzu berean doaz Nafarroan eta Estatuan, baina beti ere Nafarroako langabezia-tasa Estatukoa baino murritzagoa izaten da. Aurtengo hiru lehen hilabetekoa da horren adibidea: Nafarroan %10,4koa zen; Estatuan, berriz, %13,6.

Udalendako diru-laguntzak

Udal eta gainerako toki entitateei ematen zaizkien diru-laguntzen helburua da kontratatuen laneratzea erraztea. Izan ere, langileei prestakuntza ematen zaie, ondoren lan-merkatuan segitzeko moduan egon daitezen. Kontratuek, gutxienez, hiru hilabeteko iraupena dute, eta lan-jardunaldi erdia. Diru-laguntza kontrataturiko pertsonaren ezaugarrien araberakoa da, 400 eurotik 1.100 eurora. Azken zenbateko hori kobratzen dute desgaitasuna duten langile, genero biolentzia jasan duten emakume eta 51 urtetik gorakoak kontratatzen dituztenak.

Azken bost urteotan, udal entitateek 4.000 lagun baino gehiago kontratatu dituzte diru-laguntzen deialdi horren bitartez. Guztira, 21 milioiko diru-laguntzak banatu dira.

Txostenak diru-laguntzen gizarte itzulera ere aztertu du. Udalek jasotakoek ez dute gizarte itzulera positiborik, beti ere azterketa dirutan egiten baldin bada. Dena den, langileen heziketa pertsonal eta profesionala hobetu egiten dute. Gainera, ondoren lan-merkatuan segitzeko baliagarri zaie langileei.

Gazteendako praktikak

Esan bezala, Kontuen Ganberak aztertu duen beste ekimena gazteak praktiketan aritzekoa da. Horren helburua da kontratu mota hori sustatu eta gazteen laneratzea erraztea. Diru-laguntza mota hori enpresek, autonomoek edo gobernuz kanpoko erakundeek jasotzen ahal dute. Horretarako, gutxienez, sei hilabeteko kontratua egin behar dute. Bigarren eskakizuna da lanpostua kontrataturiko gaztearen prestakuntzaren araberakoa izatea.

Diru-laguntzen deialdiak praktiketan ari diren gazteek gutxieneko soldata jaso behar dute. Urtean 17.000 euro gordin, gaztea unibertsitate ikasketak egindakoa bada. Lanbide-heziketaren goi mailako tituludunak, gutxienez, 14.500 euro. Eta erdi mailakoa egindakoak, berriz, 12.000 euro. Diru-laguntzen zenbatekoa soldataren %30 da. 3.600 eurotik 5.100 euroa doaz. Kontratatutakoa emakumea edo desgaitasuna duen langilea izanez gero, %20 gehiago ordaintzen zaio kontratu egileari.

Azken bost urteotan, Gobernuak 8,4 milioi banatu ditu mota horretako diru-laguntzetan. Guztira, 1.300 gazte kontratatu dira. Iaz nabarmen handitu zen laguntza jaso zuten enpresen kopurua: 444 enpresek jaso zuten laguntza, 227k 2020an. Kontrataturiko gazteen kopurua ere bikoiztu egin zen: 318tik 669ra.

Gazteak kontratatu zituzten gehienek diotenez, diru-laguntzarik gabe ere eginen zuten kontratazioa.

Diru-laguntza mota honek gizarte itzulera positiboa dauka, baita dirutan neurtuta ere. Enpresek zein gazteen iritzia da ekimenak laneratzea erraztu egiten duela. Gizarte segurantzaren datuak azterturik, ordea, ez dago garbi merkatuan segitzeko eraginkorrak diren.

Kudeaketa eta kontrola

Kontuen Ganberak bi laguntza moten kudeaketa zein kontrola ontzat hartzen ditu. Udal eta enpresetako ordezkariek ere positibotzat jotzen dute, eskaera eta justifikazioa oso erreza dela azpimarratuz.

Txostenak laguntzen kudeaketa hobetzeko gomendio batzuk ematen ditu. Horietako bat, Gobernuak enplegua bultzatzeko ekimen nagusien eragina neurtu beharko lukeela. Espediente batzuetan atzemandako akatsak ere aztertu beharko lituzke, eta diru itzultzea ere tramitatu, behar denean. Praktiketako kontratuen deialdian eskaera bat gehitzea proposatzen du: gazte bakoitzari, urtean, kontratu bakarra egitea. Horren helburua da, noski, diru-laguntzen banaketa egokiagoa bermatzea.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!