Sitgeseko sail ofizialean estreinatuko dute Paul Urkijoren 'Irati' filma

Euskalerria Irratia 2022ko uzt. 28a, 08:28

Argazkia: Filmax ekoiztetxea.

Irati oihanean, Aralarren eta Mendukilon filmatu du euskarazko lana zinemagile gasteiztarrak, besteak beste. Azaroaren 18an iritsiko da zinema aretoetara.

Sitgeseko Nazioarteko Zinema Jaialdiak Paul Urkijoren Irati filmaren mundu mailako estreinaldia hartuko du urriaren 6tik 16ra. Euskal Herrian girotuta, zuzendari gasteiztarrak “Erdi Aroko abenturazko film fantastikoa” egin du. “Liluratu egiten nau euskal mitologiak, eta Irati kondairen mundu ilun eta liluragarri horri egiten diodan omenaldi epikoa da. J.L. Landaren eta J. Muñozen El ciclo de Irati nobela grafikoko pertsonaietan modu askean inspiratu naiz, baita beste euskal kondaira eta gertakari historiko batzuetan ere, hala nola Orreagako guduan”.

Irati oihana izan da izen bereko filma grabatzeko zuzendariak aukeratutako lekuetako bat. Nafarroa, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia eta Huescako hainbat lekutan egin dituzte filmaketa lanak; besteak beste, kokaleku enblematiko historikoetan, Loarreko gazteluan eta Arrikrutz, Leize edota Pozalaguako kobazuloetan. Nafarroan, Aralar, Mendukilo eta Opaina ere izan ditu eszenatoki.

Euskaraz errodatu dute filma osoki, eta Euskal Herriko aktore ezagunak izanen ditu protagonista. Eneko Sagardoy eta Edurne Azkaratek haragitu dituzte pertsonaia nagusiak, eta Iñigo Aranbarrik, Elena Urizek, Iñaki Beraetxek, Patxi Bisquertek, Ramon Agirrek, Kepa Errastik eta Itziar Ituñok osatuko dute aktore-zerrenda.

Euskal Herriko zinemagintzako izen ezagunak ere ageri dira talde teknikoaren zerrendan. Urkijorekin Errementari filmean aritutako Gorka Lazkano da ekoizpenaren euskara arduraduna; Gorka Gomez aritu da argazki-zuzendari lanetan; eta Arantzazu Calleja eta Maite Arroitajauregik sortuko dute musika - Akelarre (2020) filmerako sortutako musikari esker Goya saria irabazi zuten -.

Ekoizpenak lau milioi eurotik gorako aurrekontua du, euskal zinemak azken urteotan izan duen handienetakoa. Ikusgarri Films, Bainet eta Kilima Media ekoiztetxeek babestu dute proiektua. RTVE eta EiTBren partaidetza du, eta Filmax enpresak arduratuko da banaketaz zein nazioarteko salmentez. Azaroaren 18an iritsiko da Filmax konpainiak banatutako erakustaretoetara.

VIII. mendeko Pirinioak

 “Izena duen guztia bada” leloarekin zabaldu dute filmaren afixa. Euskarazko esaerak filmak bilduko duen istorioaren gakoetako batzuk argitzen ditu. VIII. mendean kokatuta dago filma. Kristautasuna Europan zehar hedatzen ari da, sinesmen paganoak desagertzen diren bitartean. Karlomagnoren armadak Pirinioak zeharkatzen ari dela ikusita, haraneko liderrak laguntza eskatuko dio antzinako jainkosa bati. Odolezko itun baten bidez, etsaia garaitzen du, bere bizia trukean emanez. Baina aurretik, bere seme Enekori aro berrian bere herria babestu eta gidatuko duela agintzen dio. Eneko Sagardoy aktoreak haragituko du Eneko protagonista, eta haren aitaren promesari aurre egitea erabakitzen duenean abiatuko da fima.

Karlomagnoren altxorraren ondoan modu paganoan lurperatutako aitaren gorpua berreskuratzea izanen du misio kristau nobleak. Haren helburua erdiesteko, Iratiren laguntza beharko du. Edurne Azkarate aktorea izanen da inguruko pagano enigmatiko hori, eta bi gazteak oihan arraro eta ilun batean murgilduko dira. Hor topatuko dute “izena duen guztia”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!