Gobernuak ez du datarik Euskararen Plan Estrategikoa onartzeko

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko uzt. 27a, 14:15
Argazkia: Nafarroako Parlamentua

2020ko martxoan hasi zen Euskarabidea bigarren plan estrategikoa garatzen. Planak jasotzen dituen konpromisoen aurka, eskuinaren alde lerratu dira sozialistak, azken hilabeteotan.

Iazko urrian ireki zuen herritarren ekarpenetara gobernuak Euskararen II Plan Estrategikoa eta abenduan onetsi zuen Euskararen Nafar Kontseiluak. Koalizio gobernuaren akordio programatikoan jasotako konpromisoetako bat da, baina legegintzaldia amaitzeko urtebete baino gutxiago gertatzen dela, gobernuak ez du datarik ezarri araua onartzeko. Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok gaur azaldu du “gobernuaren barruan” lantzen ari direla plana. 

Gobernukideen artean ezadostasunak eragin ditu euskararen planak azken hilabeteotan, eta eskuinaren alde lerratu dira polemiketan sozialistak. Navarra Suma eta PSN Nafarroako ikasleek euskararen gutxieneko ezagutza edukitzearen kontra egin zuten parlamentuan otsailean. Nafarroako Euskararen II Plan Estrategikoak proposatzen du “Nafarroako ikastetxeetako haur guztiek euskararen gutxieneko ezagutza bat edukitzeko aukera aztertzea”. Koalizio eskuindarrak mozio bat aurkeztu  zuen, aukera horren aurka. Eta onartua izan zen, Navarra Sumaren eta PSNren aldeko botoekin.

Departamentuetako hizkuntza-planak ere geldirik dauzka exekutiboak. Maria Txibite lehendakariak erkidegoaren egoeraren inguruko eztabaidan hitz eman zuen “urteko lehen hiruhilekoan” onarturik izanen zirela, baina Funtzio Publikoko kontseilari eta gobernuko eledun Javier Remirezek maiatzean aitortu zuen hizkuntza-planak jada diseinaturik daudela, baina oraindik Funtzio Publikoko Mahaira bidali behar dituztela, sindikatuekin negoziatu ditzaten.

2020ko martxotik, bueltaka

2020ko martxoan aurkeztu zen Euskararen Lehen Plan Estrategikoaren (2016-2019) ebaluazio-txostena, eta Ana Ollo Herritarrekiko Harremanetarako kontseilariak eta Mikel Arregi Euskarabidea – Euskararen Nafar Institutuko zuzendari gerenteak bigarren Plana egiteko prozesuaren hasiera iragarri zuten, eta urte bereko ekainaren 2an aurkeztu zuten proiektua Nafarroako Euskararen Kontseiluan.

Ondoren, Euskarabideak lizitazio publikoko prozesua burutu zuen, plana modu parte-hartzailean egiteko laguntza teknikoa kontratatzeko; mahai sektorialetan parte hartzeko saio teknikoak egin ziren, euskararen egoera eta gizarte-eremuetako beharrak aztertzeko; ekarpenak jaso ziren, eta Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren hasierako zirriborroan antolatu ziren. Pandemiak parte-hartze prozesua baldintzatu zuen, eta telematikoki egin zen.

2021eko urriaren 8an, Euskarabideak Euskararen Bigarren Plan Estrategikoaren hasierako zirriborroa aurkeztu zion Euskararen Nafar Kontseiluari, eta bere kideei dokumentuari proposamenak egiteko aukera eskaini zien.
Hasierako zirriborroa idatzi eta Euskararen Nafar Kontseiluari aurkeztu ondoren, Euskarabideak dokumentua gizartearen partaidetzara zabaldu zuen, eta hilabetez jendaurrean jarri zuen, 2021eko urriaren 11tik azaroaren 11ra, Nafarroako Gobernuaren Gobernu Irekiaren Atarian.

Guztira 58 ekarpen jaso dira: 56 Gobernu Irekiaren bidez, bat posta elektronikoaren bidez eta, bestea, erregistro bidez. Jasotako 58 ekarpenetatik, 8 osorik edo zati batean onartu zituzten, eta Plan Estrategikoaren behin betiko zirriborroan sartu ziren. Jasotako ekarpenak aztertu ondoren, azken zirriborroaren idazketa osatu zen, eta Euskararen Nafar Kontseiluak abenduan onartu zuen. 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!