Larrialdi maila jeitsita normaltasuna itzultzen ari da suteek kaltetutako zonaldeetara

  • Oraindik hustuta ziren lau herrietako biztanleak etxera itzuli daitezke dagoeneko
  • Nekazal lanen gaineko debekua altxatu da
  • Ardura eskatu du Nafarroako Gobernuak Sanjuan suen gainean

Azken gaueko euriek eta suteen bilakaerek, egoeraren gaineko alarma maila jeistea ekarri dute. Gaur goizean Nafarroako Gobernuko larrialdi mahaiak egoera aztertuta hartu du erabakia. “Genituen su guztiak egonkortuta daude, naiz eta Uxue aldean, euri gutxiago egin duenez oraindik ere kea eta gar zenbait ikus daitekeen” azaldu du Amparo Lopez, Barne Saileko Idazkari Nagusiak. “Tentuz eta pausoz pauso, normaltasuna berreskuratzen joanen gara, oraindik ere, sua izan den inguruak zaintzeari utzi gabe” adierazi du kazetarien aurrean.

Honela, oraindik ere hustuta ziren lau herrietako, Olletako, Amatriango, Makirriaingo eta Sansoaingo biztanleak etxera itzuli daitezke dagoeneko, egunotan Tafalla eta Zangozako kirolguneetan pasa eta gero. Gaur ere, nekazal lanen gaineko debekua altxatuko da. Atzo ostiralerarte luzatu zen debekua baina egoeraren bilakaera ikusita, gaurtik aurrera uzta jasotzeko baimena izanen dute nekazariek, hori bai, kontrol neurri guztiak hartuta, sute berriak ekiditeko. Donejakue bidea egiten ari ziren erromesak ere, bueltatu daitezke bidera.

Nafarroako Gobernuak eskertu du egun hauetan lanean izandako 1.000 pertsonen laguntza. Gaur, alarma egoera jeitsita, etxera itzuliko dira Gipuzkoa, Araba eta Bizkaitik etorritako suhiltzaileak, baita Errioxatik gerturatuakoak ere. Zaintza lanak orain Nafarroako Suhiltzaileen lantaldearekin eginen da.

Hondamendi turismorik ez

Nafarroako Gobernuak ardura eskatu die herritarrei. “Egunotan, jende asko gerturatu da suteen inguruetara argazkiak egitera” esan du Amparo Lopezek, “Zonaldea oraindik bero dago, zuhaitzak erortzen ari dira eta arrisku handia izan daiteke erretako guneetan”. Horregatik, sueta pairatu duten tokietara ez gerturatzea eskatu du Gobernuak.