Larrialdiaurreko mailara jaitsi dute alerta, egoerak hobera egin duela eta

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 22a, 07:51
Sutea Galipentzun (Argazkia: Foruzaingoa)
  • Makinariarekin uzta biltzeko debekua ostiralera luzatu dute.
  • Ebakuatuta dauden herri bakarrak Olleta, Amatriain, Sansoain eta Makirriain dira, guztira 90 herritar inguru.

Javier Remirez Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Berdintasun, Funtzio Publiko eta Barneko kontseilariak astearte atzo arratsaldean iragarri zuenez, baso-suteengatiko alerta-maila larrialdi aurreko mailara jaistea erabaki dute, joan den larunbataz geroztik suteen aurkako borrokaren bilakaera positiboa dela eta.

Remirezek komunikabideei egindako adierazpenetan azaldu duenez, datuak "positiboak" dira, Nafarroako ekialdeko frontea, hau da, San Martin Unx eta Galipentzu aldekoa, oraindik “kezkagarria” izanagatik ere. Mendebaldean ere bilakaera positiboa izan da, eta egoera "egonkortu egin da, baina zaintzarekin".

Remirezek adierazi duenez, horri esker, "krisi-mahaiko kideek azterketa teknikoa egin ondoren", Nafarroako Babes Zibileko Lurralde Plana larrialdiaurreko mailara jaitsi da, orain arte 2. mailan baitzegoen. Hala ere, Baso Suteen Plana 2. mailan mantentzen da.

Kontseilariak zuhurtzia mantentzea eskatu du, baina "dena ondo badoa", asteazkenetik aurrera "deseskalatze gehiago" egon daitekeela aurreratu du. "Dagoeneko ez da sutea gainditzen duen larrialdi integral bat", ziurtatu du Remirezek, eta horregatik alerta "zaintza" mailara murrizten dela gaineratu du, "oraindik ez direlako erabat amaitzeko baldintzak eman".

"Albiste on baten aurrean gaude, krisialdi honen bilakaera positiboa berresten delako", adierazi du Remirezek, eta une honetan ebakuatuta dauden herri bakarrak Olleta, Amatriain, Santsoain eta Makirriain direla azpimarratu du, 85-90 biztanle inguru guztira.

Remirezek halaber nabarmendu du "lau zauritu arin soilik jakinarazi behar direla", eta suteak itzaltzeko lanetan 1.100 pertsona inguruk parte hartu dutela.

Nekazariek berriro uzta biltzeko aurreikuspenik ote dagoen galdetuta, Remirezek adierazi du "gaur amaitzen dela joan den larunbatean arrisku-egoerak sor ditzaketen makineriarekin nekazaritza-jarduerak mugatzeko onartu zen foru-aginduaren aplikazio-eremua".

"Ostirala arte luzatu da, hori barne, baina horrek ez du esan nahi ostiralera arte lan horiek bai edo bai debekatuko direnik", zehaztu du. Izan ere, "bilakaera positiboa bada", asteazken honetatik aurrera "nekazaritzako lanak berreskuratzea" eta foru agindua berrikustea ere balora litekeela iragarri du, betiere egoeraren bilakaeraren arabera.


 

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!