Egonkortze fasean dira Galipentzuko eta Erreniegako suteak

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 21a, 09:48
Foruzainak, atzo, Galipentzun. Argazkia: Foruzaingoa

Egoera, oro har, lasaitzen ari da Nafarroan. Atzo piztutako suteak kontropean dituzte suhiltzaileek. Nafarroa erdialdea alerta gorrian da, hala ere, sute arrisku altuagatik.

Kezka gunerik nagusiena Galipentzu aldean dago. Atzo arratsaldean herria ustu behar izan zuten, 20-30 metro arteko sugarrek herria ingurau zutelako. Lau hidrohegazkin aritu ziren bertan lanean, suhiltzaileen laguntzarekin; eta gaur ere, eguna hastearekin batera haien beharra izan dute. Berebiziko garrantzia izan dute, halaber, zonaldeko nekazariek egindako suebakiek. Atzo dei berezia egin zitzaien San Martin Unx eta inguruko herriak babesteko.

Lasaiagoa da egoera Erreniega magalean. Atzo goizaldean berriz ere berpiztu ziren gar batzuk, mendatearen goikaldean, baina helikopteroaren laguntzaz itzali zituzten. Dena den, lurzorua oso bero dago, eta han eta hemen kea ateratzen da oraindik ere. Horrek sute berriak eragin ditzazke. Euria egin arte ezinen dira, beraz, erabat lasaitu zonaldeko bizilagunak. Suhiltzaileek Euskalerria Irratiari azaldutakoaren arabera, normalean, su bat itzali eta zaintza talde bat geratu ohi da ondoan berpizterik izan ez dadin. Egunotan, ordea, toki anitzetan suak izanik, ez dute horretarako aukerarik.

Atzo beste sute berri zenbait pizutu ziren. Handiena, Esa aldean berriz ere. Pasa den astean bezala, Leireko mendilerroaren inguruan agertu ziren sugarrak. Baina, kasu honetan, Pirinioetako autobidearen bi aldeak kaltetu ditu. Autobidea moztu behar izan zuten, sutearen eraginez, baina zabaldu dute dagoeneko. Pertsona bat atxilotu dute Aragoin, sutearen ustezko egiletzat hartu ondoren.

Burgin ere sutea izan zen atzo arratsaldean, baina bizilagunen erantzun azkarrak ekidin zuen Urdazpetxikerra mendian piztutako suaren zabaltzea. Lodosan ere sua izan da azken orduotan, Carcar eta Lodosa artean, zehazki. Helikopteroa eta Errioxako suhiltzaileak izan ziren bertan lanean, eta 19:00etan kontrolatutzat eman zuten .

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!