Erresuma zaharretik errepublika askerantz

Euskalerria Irratia 2022ko eka. 6a, 07:39
Amaiurraldiko parte hartzaileak, Gazteluan egindako ekitaldi nagusian. (Argazkia: Ahotsa.info).
  • Ehunka lagunek parte hartu zuten atzo Nafarroa berriz altxa ekimenak antolaturiko Amaiurraldian.
  • Amaiurren borrokatu ziren arbasoei egin dakiekeen omenaldirik hoberena “errepublika askea lortzeko herri prozesu soberanista” aurrera ateratzea dela aldarrikatu zuten antolatzaileek.

1522an, Amaiurren, Nafarroako erresuma zaharraren alde borrokatu zirenak omendu zituzten atzo, 500. urteurrenaren karietara. “Oroitzapen egun bat da, baina batez ere gaurkotasun handiko aldarrikapen egun bat”, aldarrikatu zuten Joseba Compainsek eta Amagoia Susperregik gazteluan bertan egindako ekitaldi nagusian, Nafarroa berriz altxa ekimenaren izenean.

Compainsen eta Susperregiren arabera, ongi aztertu behar da subiranotasuna galdu izanaren ondorioz “nork eta nola hartzen dituzten gure egunerokotasunean eragina duten erabakiak”. Izan ere, “gure lan harremanak edo gastu sabaia mugatzen dituzte” eta, hartara, “nafarrok krisiei ematen dizkiegun erantzunak baldintzatzen dituzte: elikadura, energia edo migrazio krisiei esaterako”. Lurraldetasunari buruz ere jardun zuen Compainsek: “Nafarroak ezin du erabaki zein harreman nahi duen gainontzeko euskal lurraldeekin edo estatu espainiar eta frantziarrekin”.

Hori guztiori hori horrela, beste bide bat aldarrikatu zuten antolatzaileek: “Subiranistok errotik desberdina izanen den eredua aldarrikatzen dugu, askatasun osoa erabaki ahal izatea, libre eta demokratikoki”. “Gure arbasoei omenaldirik onena, prozesu soberanista propio eta popular bat egitea, errepublika soberano eta aske batera iristeko, zeinean dena erabakitzerik izanen dugun”, gaineratu zuten.

Amaiurko gazteluko ekitaldi nagusiaren ondotik, martxa egin zuten Elizondora, Arizkunen barrena. Iriarte pilotalekuan 250 lagunek herri bazkarian parte hartu zuten. Bazkalondoan, besteak beste, Trikidantz taldeak musika eskaini zuen, eta haurrentzako txokoa izan zen, Irrien Lagunek gidaturik.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!