Foruzaingoko lehen sindikatuak sinbologia frankista darabil bere kondekorazioetan

Juan Kruz Lakasta 2022ko mai. 31a, 07:55

  • Parlamentuko talde guztiek CESIFen jarrera gogor kritikatu dute, Navarra Suma izan ezik.
  • Bigarren bozkatuenak, APFk, inoren kargura ez dauden adingabeen aurka egin du.

CESIFek, Foruzaingoan ordezkaritzarik handiena duen sindikatuak, Berriobeitiko Navarra Sumako alkate Raul Julio Bator Perezi kondekorazioa eman berri dio. Bator Perezek Twitterren horren argazkia konpartitu du, eta hartan ikus daiteke sinbologia frankista darabilela. Izan ere, Francoren garaiko Foruzaingoaren ikurra erabiltzen du. Hartan, Nafarroako armarria San Fernandoren gurutzearekin eta ereinotz koro frankistarekin ageri da, Espainiako banderaz inguraturik. Berriobeitiko alkateak txioa borratu du, kritikak jaso eta gero.

Bestalde, Foruzaingoko bigarren sindikaturik bozkatuenak, APFk –zazpi ordezkari ditu, CESIFek bezala, baina boto gutxiago- inoren kargura ez dauden adingabeen aurka egin du Twitterren, SER irrati kateak argitaratu duen bezala. Txioan honako hau dio: “Bulegoan beste lan egun bat, honako honetan Milagroko MENEN zentroan. Hemen, urtean 65.000 euro inbertitzen dira MENA bakoitzeko. Hilean, 5.ooo euro baino gehiago. Bitartean, gure edadetuen gutxieneko pentsioak 800 euroen inguruan daude. Honi Foruzaingoaren eguneroko bisitak gehitu behar zaizkio. Hemen zerbait oker dabil”.

Bistan da planteamenduak bat egiten duela Vox eskuin muturreko alderdiak Madrilen hauteskunde kanpaina batean atera zuen kartel polemikoarekin, adingabeekin ustez gastatzen dena eta emakume edadetu baten pentsioa alderatuz. Eta kartel hura gorroto delitua zelakoan salatu zuten. Kritikak jaso eta gero, APFk txioa borratu du.

Talde parlamentario guztiak kritiko, Navarra Suma izan ezik

Nafarroako Parlamentuko talde gehienak oso kritiko agertu dira astelehen honetan CSIF sindikatuarekin, sinbologia frankista duten kondekorazioak emateagatik.

Foru Parlamentuko Mahaiaren eta Bozeramaileen Batzordearen amaieran gai horri buruz galdetu diotenean, Navarra Sumako parlamentari José Suárez izan da bere gaitzespena adierazi ez duen bakarra. "Sindikatu bat da, erakunde pribatu bat da, bere ordezkaritza du. Beraiek dira beren planteamenduen erantzule, ez dut gai hori baloratzen, sindikatuaren beraren eta afiliatuen kontua da ", esan du.

PSNko bozeramaile Ramon Alzorizek, aldiz, esan du CSIFen jokaera hori "desegokia eta kezkagarria" dela. "Dena dela, Foruzaingoko hainbat kideren komunikazio handia jaso dugu, esanez sari horiek ez dituztela ordezkatzen, hurbileko Foruzaingoa da, eta Nafarroako herritarren artean txertatuta dago", gaineratu du. "Foruzaingoa zer den defendatzen dugu, helburu politikoekin instrumentalizatu eta erabiltzen duten zenbait kideren aurrean", esan du.

Geroa Bairen izenean, Uxue Barkosek azaldu du "erabat premiazkoa" iruditzen zaiela "Nafarroako Gobernuko Barne Departamentuak esku hartzea". "Horrek, ziur aski, indarrean dagoen legeria, memoriaren oinarrizko legea eta foru-legeria urratzen ditu. Keinu frankistak eta ikur frankistak ekartzen dizkigute gaurkotasunera. Espero dut eskumena duen sailak esku hartzea ", berretsi du.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramailearen arabera, "horrelako manifestazioek, ekintzek, ez dute bizikidetza errazten, iraganera garamatzate, eta Foruzaingoak eta Nafarroako herritarrek ez dute horrelako ekintzarik edo jarrerarik merezi". "Dagokien instantziek eta Gobernuak ordenara deitu beharko lukete", adierazi du.

Mikel Buil Ahal Duguko bozeramailea "haserre" agertu da "Foruzaingoaren lehen sindikatuak bere kondekorazioetan ikur faxistak berreskuratu dituelako; inork ez du gezurtatu, badakigu San Fernandoko gurutze sariduna kondekorazio gisa eman dela". "Gobernuari galdetuko diogu zer neurri hartuko dituen Foruzaingoaren inguruan ikusten ari garen gertakarien aurrean, ultraeskuina asko gogorarazten digun ebakia baitute. Foruzaingoaren profesionaltasuna eta eredugarritasuna ez zikintzea nahi dugu ", adierazi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!