Ezkurdia 7 - 22 Laso

Laso, arraso

Juan Kruz Lakasta 2022ko mai. 30a, 07:34
Ezkurdia eta Laso, finaleko pasarte batean. (Argazkia: Nafarroa Arena).

Finalean erakustaldi latza eskainiz irabazi du buruz-buruko bere lehen txapela Bizkarretako aurrelariak.

Finalak hasiera eder bezain gogorra izan zuen. Bi pilotariok lehen tanto ikusgarri, luze, lehiatuak eskaini zituzten. Finala bide horretatik joanen zela zirudien. Dirua ere parean izan zen norgehiagokaren hasiera horretan.

Parekotasun hori, baina, ilusio hutsa izan zen; izan ere, artekarien eta katedraren ustearen kontra, finalak kolore bakarra izan zuen: Lasok soinean zeraman elastiko urdinarena. Datozen 12 hilabeteotan berriz jantziko ez duena.

Joseba Ezkurdiak 1 eta 6-koarekin eskatu zuen lehen atsedenaldia. Ez zuen, alta, deuserako balio izan, norgehiagokak bide beretik segitu baitzuen: 3-10, 4-13, 5-14… Izan ere, buruz buruzko partiduak bikote harremanak bezalakoak dira: desoreka sortzen denean, malo.  

Lasoren jokoak bi oinarri nagusi izan zituen: sake zitala eta eskuin ahaltsua. Pilotakada ikusgarriak jo zituen eskuin eskuarekin, pilota behin eta berriz gurutzatuz, ezker ormaren bila. Erasoan su eta gar aritu zen, hasieratik amaierara.

Laso gehiago izan zen, eta Ezkurdiak ez zuen asmatu. Bi datu adierazgarri: arbizuarrak sei pilota galdu zituen beharturik egon gabe. Birritan egin zuen kale sakez.

Azkenean, epikotasunez beteriko txapela Lasorentzat: duela urte bete afizionatuetan jokatzen ari zen (zenbait pilotazalek ez dute erraz ahaztuko: partidaren amaieran “Baiko, entzun, Laso txapeldun oihukatu zuten); Altunaren kontra bi final galtzetik zetorren; manomanistaren historian Nafarroan jokaturiko lehen finala zen.

Irujo, Olaizola, Barriola, Bengotxea erretiratu dira, baina pilotak baditu erreferente, izar berriak; horien artean distiratsuena, Unai Laso txapelduna.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!