Euskararen kale erabilerari eutsi dio Iruñerriak

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 26a, 11:17

Euskal Herriko euskararen kale erabileraren datu orokorrak ez du gorabeherarik izan azken bost urteetan (%12,6), Soziolingustika Klusterrak 2021ean Euskal Herrian egin zuen neurketaren emaitzen arabera. Nafarroan behera egin du, ordea.

1989az geroztik, Euskal Herrian egiten den zortzigarren hizkuntzen erabileraren kale neurketaren emaitzak aurkeztu ditu Soziolinguistika Klusterrak –bosgarren aldiz egin du ikerketa erakunde honek–. 7.637 orduz egindako behaketa zuzenaren bidez, 215.396 elkarrizketa eta 603.497 solaskide behatu ziren lagintzat hartutako 145 udalerrietan. Antsoain, Aranguren, Atarrabia, Barañain, Berriozar, Burlata, Eguesibar, Iruñea eta Zizur Nagusia neurketak egindako udalerrien artean dira.

Soziolingustika Klusterrak ohar bidez adierazi duenez, ondorio nagusia azken bost urteetan euskararen kale erabilera orokorraren gorabeherarik eza da: "Euskal Herriko kaleetan behatutako zortzi pertsonatik bat ari zen euskaraz (% 12,6). Datu orokor hau 2016ko hizkuntzen erabileraren kale neurketan behatutakoaren berdina da". 

Datu orokorretik harago, ezberdina da egoera eremu geografikoei erreparatuz gero. Behera egin dute balioak Nafarroan (%5,9).

Euskararen kale erabilera zortzi herritarretatik bakarrarena bada, Klusterraren hitzetan bistakoa da "hizkuntza handienek indar, eragin eta erabilera oso handia" dutela. Gaztelera da nagusi Hego Euskal Herrian; frantsesa, aldiz, Ipar Euskal Herrian. Nafarroan, %5,9koa da euskararen kale erabilera. Hamarretik bederatzik gaztelania erabiltzen dute.

Iruñeko datuak

Iruñean %2,7koa da erabilera maila. Hamarretik 9,4k gaztelaniaz egiten du. Hiriburuen zerrendan hirugarrena da. 2016ko neurketak erakutsitakoaren kontrara, oraingoan euskara gehiago entzun da Bilbon (%3,5) Iruñean baino (%2,7). Donostian (%15,3) erabiltzen da euskara gehien, eta azkenak dira zerrendan Gasteiz (%4,1) eta Baiona (%2,5).

Halaber, eta martxoan Uemak argitaratutako txostenaren bidetik, bada aipatzekoa den beste ondorio bat: eremurik euskaldunenetan behera egin du euskararen kale erabilerak. Txosteneko gogoeten atalean jaso dutenez, "udalerrien konbergentzia-joera ikusten da; udalerri bakoitzeko euskararen ezagutza-maila aldatuz joan ahala, erdiko eremu soziolinguistikoetan gero eta udalerri gehiago daude eta muturreko eremuetan, berriz, gero eta gutxiago".

Erabilera, "gaztetzen"

Ikerketaren ondorioetan adin-taldeen eta sexuen arteko bereizketa eta korrelazioek pisu handia dute. Azterketaren arabera, gazteak eta emakumeak dira euskara gehien erabiltzen dutenak. Azken bost urteetan haurren erabilerak gora egin du, eta zenbat eta gazteago, orduan eta nabarmenagoa da emakumezkoen eta gizonezkoen arteko arrakala. Beste ertzean, 65 urtetik gorakoak dira euskara gutxien darabiltenak, eta kasu honetan, gizonezkoen euskaraz aritzeko joera da nagusi.

Nafarroan, azken bost urteetan, gazteen, helduen eta adinekoen euskararen kale-erabilerak jaitsi egin dira. Haurren erabilerak, berriz, ez du aldaketa nabarmenik izan. “Arretaz begiratu behar da hurrengo edizioan adin-taldeetako erabilerek hartzen duten joera”, txostenaren arabera..

1989tik hona, ez da aldaketa esanguratsurik gertatu adin-taldeen euskararen kale erabileretan. Aipagarriena litzateke adinekoen euskararen erabilera-maila jaitsi izana.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!