Osasuna

Putzura ez itzultzeko "lortutako hamargarren postuari dagokion balioa emateko" eskatu du Brauliok

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 24a, 13:05

Braulio Vazquez aurreko agerraldi batean. Iturria: Osasuna

Denboraldiaren balorazioa egin du Osasunako kirol zuzendariak, eta uztailaren batean irekiko duten merkatuaren nondik norakoak ere aztertu ditu. 

Osasunako kirol-zuzendari Brauli Vazquezek denboraldiaren balantzea egin du gaur, Sadarreko prentsa aretoan egindako agerraldian. Taldeak lortutako hamargarren postuari behar bezalako garrantzia eman nahi izan dio, zaleei zein kazetariei mezu zuzena eskainiz: “Ezin dugu hori lorpentzat ez jo, lortutakoari baliorik eman ezean zulora eroriko gara”. "Ez gaude Lehen Mailan egonkortuta, berriro sufritzea geokituko zaigu, eta hori normaltasunez hartu behar dugu”.

Nota ona jarri dio orokorrean gizonezkoen taldeak eginiko denboraldiari. Azken bost partiduetan hiru puntu soilik lortu izanaz irakurketa bikoitza egin du. Batetik, nabarmendu du aurkariak “jokoan gehiago zuten taldeak” izan direla; bestetik, esan du azken bi partiduetan irudia txarra izan dela, baina aurreko hiruetan “zorte txarrak eragina” izan duela.

Galiziarraren ustez, "datuek agerian utzi dute etxean gauzak hobetu behar direla”; eta etxetik kanpo, aldiz, “oso datu on eta ezohikoak” batu dituela Jagoba Arrasateren taldeak. Hori dela eta “oreka bilatzeko lanean” ari da kirol-zuzendaritza.

Taldearen irudia

Balantze orokorrera itzulita, ulerkor azaldu da “behin helburua lortuta akaso zerbait gehiago espero zuten zaleekiko” baina berretsi du lortutako hamargarren postuari ez zaiola “meriturik kendu behar”. Hori indartzeko, gogorarazi du Osasunak baino aurrekontu handiagoak zituzten bi talde jaitsi direla, iaz gorritxoek aurten eginiko ibilbidearen antzekoa egin zutenak gainera: Granada eta Levante.

Zapore gazi-gozoa bai, baina “Osasuna zer den eta nondik datorren ez ahazteko” eskatu die zale eta kazetariei. Honekin batera, Osasunaren kirol ibilbideaz Iruñea eta Nafarroatik kanpo duten irudiaz mintzatu da “oso ona dela” adieraziz, “ziur aski hemen dugun perspektibak baino nota hobea ematen digute”. Gaineratu du ezin dela ahantzi “zein talde gelditu diren gure aurretik, zein den haien estatusa, historia eta azken urteetako ibilbidea”.

Fitxaketak

"Azken urteetan hartutako bideari jarraituz, hiru edo lau fitxaketa” egingo dituztela iragarri du Brauliok, etxeko eta kanpoko emaitzak orekatzeko eta taldeak denboraldi hasieran izandako ezegonkortasunari aurre egiteko. 

Indartu beharreko posizioei dagokienez, zelai erdia, hegalak eta atea aipatu ditu. “Nahiago ditut liga ezagutzen dituzten jokalariak, nahiz eta ez diodan aterik ixten bestelako profila duten jokalariei”, gaineratu du. Halaber iragarri du Osasuna Promesaseko Aimar Orozek, Pablo Ibañezek eta Iker Benitok aurredenboraldia lehen taldearekin eginen dutela. Haien lanaren emaitzak fitxaketak baldintzatuko ei ditu. Harrobiaren inguruan argi utzi nahi izan du “denboraldi guztietan jokalari gazteak lehen taldera igotzea klubaren kultura” dela eta kirol zuzendaritza ere “klubaren egitura indartzeko lanean" ari dela.

Oierrekin, Iñigo Perezekin eta Ramalhorekin batera, behin denboraldia amaituta Manu Sanchezek Osasun autzi du, Atletico de Madridek utzita ari baitzen. Ezker hegaleko atzelariaren egoerari dagokionez, Brauliok azaldu du jokalariak Iruñean jarraitu nahi dutela, eta Osasunak ere hala nahiko lukeela, baina talde madrildarrak erabakiko duela bere etorkizuna, “gaztetasunagatik eta posizioagatik, jokalari interesgarria baita talde askorentzako”.

Aimar Oroz

Aimar Orozen egoerari tarte zabala eskaini dio Brauliok prentsaurrekoan. Aurten, lehen taldean izan diren zelai erdiko jokalariekin alderaturik, "talentu desberdina” duela adierazi du. “Fisiko faltagatik hobetsi genuen bigarren taldean egotea”, gaineratu du. Denboraldi honetako “Aimarren hazkundea” azpimarratu eta gero, erantsi du “aurre-denboraldian gertatuko denak" erabakiko duela haren etorkizuna.

Klubaren hasierako asmoa da Aimarrek bertan gelditzea, eta baliteke Osasuna Promesasekin uztartzea bere rola. “Bigarren Mailako talderen batek Aimarrek 30 partidu jokatuko dituela bermatzen badigu, beti ere Jagobaren planen arabera, aztertu beharko genuke ea utzita aterako litzatekeen”, esan du. 

Brauliok adierazi duenez, harrobiko jokalariaren kontratu berritzea negoziatzen ari dira, baita aurten debuta egin duen Iker Benitorena ere.

Irteerak eta kapitaina

Osasnatik atera daitezkeen jokalariei dagokienez, Juan Perezek kalitatezko minutuak behar dituela aitortu du, eta Aresoren egoera aurre-denboraldian aztertuko dutela, baina edonola ere asmoa dela “hainbat posiziotan joka dezakeen eskuin hegaleko atzelari bat fitxatzea”.

Halaber, azken bi urteetan garrantzitsuak izan diren jokalarien bila “etor daitezkeela” ohartarazi du. Brauliok.

Oierrek utzitako hutsa nork beteko duen galdetu diotenean, etxekoen artean Roberto Torres eta David Garcia aipatu ditu, baina agian unea dela “Taxoaren haziak ez direnek aurrerapausoa emateko, adibidez Sergio Herrerak edo Nacho Vidalek”.

Azkenik, jakinarazi du taldeak uztaila hasieran abiatuko duen aurredenboraldia Taxoaren egien duela, eta dagoeneko lotu dituztela “maila handiko pare bat arerio nazioartean”. Partidu horietarako “asteburuko desplazamenduak” iragarri ditu.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!