Elizaren sexu abusuen biktimak aitortzeko legeak onartzerako bidea hartu du

Lohizune Amatria Zabalza 2022ko mai. 16a, 11:21

Blanca Regulez (Geroa Bai), Eduardo Santos (Justizia kontseilaria), Virginia Magdaleno (PSN) eta Mikel Buil (Podemos) elizaren biktimak aitortzeko lege-proposamenaren aurkezpenean.

Tramiteari hasiera eman dio Nafarroako Parlamentuko mahai eta eledunen batzordeak. Testuak PSN, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerraren sinadura du. Biktimak erreparatzeko legearekin bat egiteko eskatu diote Elizari.

Onartua izateko boto nahikorekin abiatu du Elizaren sexu abusuen biktimak aitortzeko legeak Nafarroako Parlamentuan. Gaur abiatu du bidea parlamentuko mahaiak tramitera onartu ostean. Elizaren barruan gertatutakoaren errealitatea ezagutzeko baliabidea izanen dela azpimarratu dute gaur proposamena sinatu duten talde guztiek. PSNk, Geroa Baik, EH BIlduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak ostegunean sinatu zuten testua, eta Eduardo Santos kontseilaria buru ostiralean erregistratu zuten parlamentuan.

Biktimen eskaerei erantzuna ematea ezinbestekoa dela zehaztu du Geroa Baiko Uxue Barkosek; eta hala “pozez” hartu du legeak prozedura parlamentarioa abiatu izana. Biktimen aitortzarako eduki “sakona” jasotzen du testuak, baina hutsuneak dituela aitortu du: “Ez da parlamentuaren esku egonen errekonozimendua, horregatik Elizari deia parte hartu dezan legeak proposatzen duen batzordean”.

“Gutxienekoak” jasotzen dituen legea da EH Bilduren iritziz ere. Legeak hutsune zenbait dituela adierazi du Adolfo Araizek: “Gainontzeko biktimak bezala eskubidea dute egia, justizia eta ordaina izateko. Lege honek partzialki emanen die hori, eta seguru aski aitortzan geratuko gara bakarrik. Elizak behin eta berriz uko egin dio kaltea erreparatzeari, eta guk jarrera hori deitoratzen dugu”.

Navarra Sumak testua aztertu nahi du botoaren inguruan erabaki bat hartzeko. Hala ere, legearekin kritiko azaldu da Javier Esparza eleduna, Eliza estigmatizatzen duelakoan: “Pertsonek egiten dituzte abusuak, ez instituzioek”.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!