Eliza katolikoaren baitan sexu abusuak jasan dituztenak biktima aitortzeko aurrerapausoa eman du Nafarroako Parlamentuak. Atzo arratsaldean erregistratu zuten Gobernua osatzen duten alderdiek, PSNk, Geroa Baik eta Podemosek. Izquierda Ezkerra eta EH Bilduk babestu dute “justizia ordinarioaren bidez konpondu ezin daitekeena administraziotik bideratzeko” lege-proposamena.
Hala azaldu du Eduardo Santos Itoiz Justizia eta Migrazio Politiketarako kontseilariak. Gobernuko azpimarratu du “legeak egonkortasuna eta zehaztasuna” ekarriko diola biktimen aitortzari.
Gogoratu du 2018an atera zela ezkututik lehen lerrora, pederastiaren gaia biktima baten salaketarengatik. Orduan abiatu ziren ikerketa batzordeak eta eztabaida publikoa parlamentuan, eta gerora etorri zen NUPek eginiko ikerketa, zeinak 30 biktima baino gehiago azaleratu dituen.
Lege-proposamena
Santos kontseilariak adierazi du “justizia kanpo geratzen den esparruetan, Administrazio publikoak ezin duela beste alde betera begiratu” eta hori dela eta sortu dela lege proposamena, biktimei ahotsa emateko, aitortza eskaintzeko eta arazoari dimentsio soziala emateko.
Lege proposamenak biktimen bulegoa sortzea aurreikusten du, eta poliziaren indarkeriaren biktimen aitortza ekarriko duen legearen antzera, aditu batzorde batek kasu bakoitza aztertuko du. Aditu batzorde horretan ez dute politikariek parte hartuko eta historialariek, zuzenbidean adituek eta osasun mentalean adituek parte hartuko dute. Testuak aurreikusten du batzorde hori elizaren kideren batek osatzea, baina sustatzaileek momentuz ez dute artzapezpikutzaren partetik erantzunik jaso.
Batzordeak urtero jasotako testigantzen eta biktima aitortutakoen zehaztasunak biltzen dituen txostena aurkeztuko dio parlamentuari, honek datuak publikoak egin ditzan “arazoaren benetako dimentsioa zabaldu eta biktima eta lekukoak parte hartzera bultzatzeko”, azaldu du Justizia kontseilariak.
Alderdiek “txalotutako” aurrerapausoa
Santos kontseilariarekin batera agerraldian azaldu dira Gobernua osatzen duten alderdietako bozeramaileak. PSNtik Virginia Magdaleno Alegriak atsekabez hartu du “Navarra Sumak parte hartu nahi ez izana”, eta legea “berandu” datorrela aitortu badu ere, “iritsi” dela txalotu du eta arazoari “argia eman” eta gertakari hauek “ez errepikatzea” ekarriko duela azpimarratu du. Ekimenaren funtzio soziala eta garrantzia sendotzeko “politikariek” parte hartuko ez dutela adierazi du.
Geroa Bairen partez Blanca Regulez Alvarezek hartu du hitza “biktimen ausardia” aitortuta. Gaineratu du legeak “biktima estatusa aitortzeko balioa” izanen duela, “banakako zein biktimen kolektiboaren errekonozimendurako eskubidea ekarrita”.
Azkenik Podemosetik, Mikel Buil Garciak hitz egin du “ospakizunerako eguna eta unea” dela adierazita. Alderdien arteko “kontsentsua” txalotu du eta gogoratu du “NUPen ikerketak agerian uzten duela icebergaren punta soilik dela ezaguna, baina arazoaren dimentsioa handia dela agerikoa dela eta hori zehaztasunez ezagutu beharra” dagoela. Gogor salatu du “pederastia” eta horren aurkako lanak etenik ez duela berretsi.
Ohar bidez EH Bilduk legeari emandako babesa berretsi du baina "ez nahikoa" dela kritikatu du, izan ere legeak ez baitu "biktimen erreparaziora bermatzen".