Irudi eta keinuen bilkura izan da Parlamentuan. Navarra Suma eta Geroa Baiko eledunak elkarrekin sartu dira bilkura aretora, erlijio irakasleen babeserako legearen gaineko zuzenketa eskutan. Atzo Nafarroako Kontseiluak proposamenaren kontrako ebazpena karrikaratu zuen eta gaur bi alderdiek bat egin dute, txosten hori sahiesteko zuzenketan.
Eztabaidarako unean, Navarra Sumak ohiko argudioak erabili ditu, legea defendatu beharrean kontra ziren alderdien aurka eginez. "Erlijioaren kontrako aurrejuzku lotsagarriak" izatea leporatu die eskuinaren koalizioko hezkuntza bozeramalea den Pedro Gonzalezek beste alderdiei. Geroa Baiko Maria Solanak ordea, irakasleen lan balditnzen defentsan oinarritu du bere defensta. "Lege honekin ez dugu erlijio irakasgaia babestu nahi, minimoetara gutxitzea adostu baitugu, irakasleek beren lan baldintzak ez murriztea da sahiestu nahi duguna, bestelako eginkizunekin osatuz beren lan ordutegia".Solanak hezkuntza kontseilariari leporatu dio, datorren urteko klase ordu murrizketen aurrean irakasleen baldintzak hobetzeko edo haien egoera konpontzeko neurririk hartu ez izana.
EH bilduko Bakartxo Ruizek zalantzak mahaigaineratu ditu legeari ezekoa bozkatzeko, "Porposamen honek ikastetxeetako barne antolakuntza eta sindikatuen negoziazio mahaiaren gainetik pasatzen da" adierazi du Ruizek. EH Bildu, Ahal Dugu eta Izquierda Ezkerrako eledunek Nafarroako kontseiluaren txostena izan dute eskutan, gaurko zuzenketak eta legeak oro har "Txapuza" bat suposatuko duela salatzeko, "Txostenak onartutakoa errekurritzeko aukera dagoela argi erakusten du beraz, erlijio irakasleak babestu beharrean, kinka larrian gertauko dira" azaldu dute. Hiru alderdiek, erlijio irakasgaia ikastetxeetatik desagertzeko nahia ere azaldu dute.
Datorren ikasturtean erlijio irakasgaiak erdira murriztuak izanen ditu bere klase orduak eta ondorioz, artzapezpikuaren eskutik hezkuntza sistemara sartutako erlijio irakasleek beren ordutegiak eta soldatak murriztuak izanen dituzte. Navarra Suma eta Geroa Bairen bozkekin onartu den legeak, galduko dituzten klase ordu horiek bestelako zereginekin betetzeko agindua ematen du, irakasle hauek babesteko asmoarekin.