Milaka lagun elkartu dira Iruñean euskararen eta justizia sozialaren alde

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 9a, 07:24

Manifestazioko burua (Argazkia: Erran.eus)

Milaka lagunek zeharkatu zuten euskaldunon hiri buruzagia larunbat arratsaldean, Euskalgintzaren Kontseiluak deiturik, merezimenduen dekretuaren eta PAI legearen aurka, eta euskararen eta justizia sozialaren alde, Eskubideak guztiontzat goiburuarekin. 

Euskalgintzaren Kontseiluko zuzendari nagusi Paul Bilbaok manifestazioaren amaieran azaldu zuenez, ez zen izan euskararen aldeko manifestazio bat soilik, aitzitik, “berdintasunaren, kohesio sozialaren eta justizia sozialaren aldeko manifestazio bat” izan zen. Izan ere, Bilbaoren aburuz, “Nafarroako erakundeetatik azken asteotan hartzen ari diren erabakiak kontrako noranzkoan doaz”.

Euskararen ezagutzaren aitortza arautuko duen dekretua tramitazioaren azken fasean dago. “Bere horretan aurrera badoa herritarren eskubideen urraketak betikotuko dira, eta hori oso larria iruditzen zaigu”, azaldu zuen Bilbaok; izan ere, “oso larria iruditzen zaigu euskararen ezagutza kontuan hartu ez eta Nafarroan berezkoak eta ofizialak ez diren hizkuntzenak baloratzea”.

Bestalde, berriki Nafarroako Parlamentuak PAI Legea onartu du, PSNren eta Navarra Sumaren aldeko botoekin. “Denok dakigu zergatik sortu zuten PAI. Orduko lehendakari andreak propio esan zuen Madrilen”, ekarri du gogora Kontseiluko eledunak. “Gainera, egun, ikasleen %60k ikasketak amaitzerakoan ez dute euskararen, berezko hizkuntzetako batean inolako ezagutzarik”, gaineratu du. “Hori gerta ez dadin neurriak hartu beharrean ingelesa sartu dute tartean, gainera eztabaida faltsu bat sortaraziz, euskara eta ingelesa kontrajarriz. Gu ez gaude ingelesaren aurka. Guk nahi dugu belaunaldi berriak euskaldun eleaniztunak izan daitezen. Baina horretako PAIk ez du balio”, berretsi du.

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!