Manifestazio deiaren zergati nagusia, Merezimenduen Dekretuaren zirriborroa. Horretan, atzerapauso onartezinak ikusten ditu Kontseiluak. “Aurkeztu duten zirriborroak benetan ez du inolako bermerik eskaintzen euskaldunon eskubideei dagokienez”.
Hori horrela, Bilbaoren aburuz ezinbestekoa da euskaldunon komunitatea kalera ateratzea, jakinagatik ere PSNk mobilizazioari atarramendu elektorala atera nahi diola. Bilbaok argi du salaketa, haserrea, “partekatu behar dela gizartearekin eta ikusi behar dela alde sozialean badagoela desadostasunik”.
Desadostasun horren erakusle, Behatokiak bildu dituen dekretu zirriborroaren aurkako 1.700 herritar nafarren kexak. Edo manifestazio deialdiak jaso dituen babes zabala: euskal gehiengo sindikala, talde feministak, LGTBi ingurukoak…
Bilbaoren aburuz, dekretuarekin zein PAI legearekin bidegabekeria latza egiten ari dira Nafarroako herritar euskaldunekin, eta horrexegatik biharko manifestazioak, biharko erantzunak, horiez harago joan beharko luke: “Biharko manifestazioa ez da gure manifestazioa, euskaldunona, euskararen aldekoa, baizik eta gizarte justu eta berdinzaleago baten aldekoa”.
Hori oso presente eduki dute manifestazioaren leloa hautatzeko tenorean. Ateak zabal-zabalik utzi nahi izan dizkiete euskaldun eta euskaltzale ez diren herritar berdinzaleei: “Ez dugu euskara, euskaldunak edo antzeko hitzik sartu. Herritarrak ez gutxietsi, eskubideak guztientzat leloa aukeratu dugu, iruditzen zaigulako horrek zer pentsa eragin beharko liekeela hainbat sindikaturi eta hainbat alderdiri”.
Alderdi euskaltzaleei dagokienez, Bilbaok zehaztu du gehiago egiteko eskatzen dietelarik ez direla esaten ari gobernua erorarazi behar dutenik. Baina bai euskarari zentraltasun handiagoa eman behar diotela. “Batzuk asaldatu egiten dira marra gorria aipatzen dugularik, baina nire ustez bada marra gorria Nafarroan ingelesan, frantsesak eta alemanak euskarak baino balio handiagoa izatea”.
Euskalgintzaren kontseiluaren manifestazioa bihar arratsaldeko bost eta erdietan abiatuko da Antoniutti parketik.