Nafarroako Gobernuak geldirik dauzka departamentuetako hizkuntza-planak. Planon xedea da identifikatzea departamentu bakoitzaren beharrak, herritarrak elebitan artatu ahal izateko, hau da, euskaraz eta gaztelaniaz.
Funtzio Publikoko kontseilari eta gobernuko eledun Javier Remirezek atzoko parlamentuko osoko bilkuran aitortu zuen hizkuntza-planak jada diseinaturik daudela, baina oraindik Funtzio Publikoko Mahaira bidali behar dituztela, sindikatuekin negoziatu ditzaten.
Hau da, hizkuntza-planak geldirik dauzka Remirezek, eta hedaduraz, PSNk, nahiz eta Maria Txibite lehendakariak parlamentuan, erkidegoaren egoeraren inguruko eztabaidan, hitz eman zuen planok urteko lehen hiruhilekoan onarturik egonen zirela, Bakartxo Ruizek atzoko osoko bilkuran gogora ekarri zuenez. Txibiteri bere hitza bete dezala exijitu zion EH Bilduko eledunak, eta nabarmendu zuen euskararekin loturiko arauetan atzerapen handia pilatzen dutela eta PAI Legea, aldiz, bi astean onartu behar dutela.
Remirez: “Euskarabidearen egungo aurrekontua inoizko handiena da”
Ruizi erantzuteko tenorean, Remirezek esan zuen gobernuak euskararen alde apustu egiten duela, eta horren erakusletzat aipatu zuen legealdi honetan Euskarabidearen aurrekontua nabarmen handitu dela, are gehiago, Euskarabidearen egungo aurrekontua historiako handiena dela. “Modu positiboan egiten dugu euskararen alde, polarizaziorik bilatu gabe” eta “funtzio publikoan sartzeko tenorean aukera berdintasuna bermatuz”, azaldu zuen lehendakariordeak.