Karlos III.a gurutzearekin sarituko dute irratiko kolaboratzaile zen Aitor Etxarte

Euskalerria Irratia 2022ko mai. 4a, 12:29

Nafarroari egindako ekarpenarengatik bost pertsona sarituko ditu aurten: Cesar Oroz marrazkilaria, Fermin Goñi kazetaria, Sandra Ollo editorea,  Josefina Campos mugimendu memorialistaren erreferentea eta Aitor Etxarte pedagogo eta euskararen sustatzaile zena.

Cesar Oroz marrazkilaria, Fermin Goñi kazetaria, Sandra Ollo editorea, Aitor Etxarte pedagogo eta euskararen sustatzailea (hil ondoren) eta Josefina Campos, mugimendu memorialistaren erreferente nagusietako bat, dira Nafarroako Gobernuak Karlos III.a Noblearen Gurutzea eman dien bost pertsonak, 2022ko edizioan.

Sari horrekin, nafar horiek Nafarroaren garapen, proiekzio eta ospeari egindako ekarpen nabarmena aitortu nahi du gobernuak, bakoitzaren jardueren eremutik. Bost foru dekretuak onartu ditu gaurko bilkuran. Dominak datorren maiatzaren 30ean banatuko dira Nafarroako Tronu Aretoan egingo den ekitaldian.

Aitor Etxarte Berezibar, 63 urte zituela zendu zen koronabirusaren ondorioz, 2020ko abenduaren 18an. Arrasaten jaio zen Etxarte, hangoa baitzuten ama; baina iruindarra zen, Merced kalekoa. Ikasketak Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan egin zituen: Filosofia eta Hezkuntza Zientziak. Pedagogoa zen; eta, beste hainbat pertsonarekin batera, Iruñeko Udal Ikastolaren sustatzaile eta bultzatzailea izan zen, frankismoaren hondarretan.

Sare publikoan euskarazko irakaskuntza berritzailearen aitzindaria, irakasle konbentzitua eta sutsua, berrikuntza-proiektu ugaritan ikertzailea, irakasleen prestatzailea eta hainbat elkarte profesionaletako kidea izan da. Hegoalde Ikastolako zuzendaria izan zen, Karrikiri euskaldunon elkarteko sortzaileetako bat; eta, urteetan, Euskalerria Irratiko kolaboratzailea

EUSKALERRIA IRRATIAzale hori:

FM 98.3ko zein euskalerriairratia.eus webguneko edukiak musu truk entzun, irakur eta ikus ditzakezu.

Zuretzako eskari bat dugu: posible baduzu, lagun gaitzazu gero eta eduki gehiago eta hobeak sortzen, Iruñerriko euskaldun ororen eskura jartzeko.

Izan ere, zenbat eta komunitate handiagoa, orduan eta proiektu komunikatibo eraginkorragoa.


Bazkidetu zaitez!