PAI Legearen aurkakoak gero eta gehiago dira. Hezkuntzako sindikatu nagusiek salatu zuten lehenik, Geroa Bai, EH Bildu, Ahal Dugu eta Ezkerrak, ondoren, kontrako botoarekin. Horiei, orain, euskalgintza batu zaie. AEK, IKA, Sortzen, Topagunea, Euskal Herrian Euskaraz, Emun eta Hizkuntz Eskubideen Behatokia elkartu dira gaur, Euskalgintzaren Kontseiluarekin batera legeaz duten iritzia azaltzeko. Kontseiluak oso larritzat jo du Nafarroako Parlamentuak PAI programa eredu bihurtzeko hartutako erabakia. "Egoera txarra bazen, orain okerrera egin du", diote.
Paul Bilbaok gogoan izan du PAI abian jarri zenean Gobernuko orduko lehendakariak Yolanda Barcinak argi esan zuela horren helburu nagusia: PAI programaren bidez euskarazko irakaskuntzaren hedapena gelditzen ari zirela.
Araua onartzeko erabili duten prozedura ere kritikatu du euskalgintzak. Urgentziaz tramitatu dute, euskara merezimendu gisa arautzeko dekretua edo hizkuntza profilen zehaztapena ez bezala. Euskararen kontrako neurriak jokoan direnean intentzionalitate maltzurra agertzen dela deitoratu du Bilbaok.
Azken gertakariekin, larunbatean Iruñeko kalean betetzeko arrazoiak ugaritzen ari dira, kontseiluko idazkari nagusiak zehaztu duenez. PAI Legeaz gain, euskarazko merezimenduen dekretua ere salatuko dute. Hori ere euskaldunak zokoratzeko kolpea izanen delako, euskalgintzaren aburuz.
Herritarren 500 eskaera gehiago sartuko dituzte aurki dekretuaren aurka; eta elkarte berrien eta Nafarroako 28 udaletako euskara-teknikariren atxikimenduak jaso ditu euskalgintzak manifestazioaren atarian. Hori nahikoa ez dela ohartarazi du, ordea, Bilbok, eta ausardia eskatu die alderdiei: "Presioa egin behar dute".
Euskara Aurrera plataformak ere salatu du "PAI sistema indartzeak kinka are larriagoan" uzten duela euskara, eta bat egin du larunbatean Iruñean izanen den manifestazioarekin.