10.000 etxetara iritsi dira, iaz baino %20 gehiago, hauetan 143.000 litro olio, 271.000 kontserba ontzi eta 41.000 arroz, pasta eta lekale ekologiko pakete jaso dituzte, Erriberako ekoizleetatik zuzenean, Nafarroako hegaoaldean euskararen aldeko lana laguntzearen alde. Errigorako arduradunek azaldu dutenez, "Datorren urtean, potxa ekologikoa ekarri ahalko dugu esakaintzara eta produktu ekologiko kopurua orokorrean handiagoa izango da, agortzera iristea ekiditeko".
"11.000 kilo txitxirio eta dilista banatzen ari gara eskutik eskura. Hazialdeko lekale ekoizleen elkartearentzat bultzada ederra suposatzen du horrek kanpotik ekarri ohi ditugun lekale horien berreskurapenean" azaldu dute Errigorako kideek aurtengo lehendabiziko uztaren balantzea egiterako orduan.
Pozik dira emaitzarekin, baina oinak lurrean dituztela aitortuta, "Oinak lurrean ditugula diogu, lurrarekiko eta bertan bizi garenokiko errespetuz jardun nahi dugulako. Oinak lurrean, amets egiteari uko egiten ez diogun arren, ez garelako ametsetan bizi. Oinetako behatzekin uki daitezke Errigorarekin bat egin duten milaka herritarren ekarpenak Nafarroako baratzean eman dituen fruituak".
Errigorak ekoizpen ekologikoaren aldeko apostua, euskararen aldeko lanarekin uztartzen du Erriberan, "Mundu globalizatuak eutsi ezinezko erauntsiak eragiten dizkigun garaiotan, udaberria ekarri badu Korrikak, bere apaltsunean, antzerako sormena plazaratu dugu Eskutik Eskura. Pandemia, gerra hotsak edo erregai krisia bezalako astinaldien aurrean babeslekuak behar ditugu, eta berriro ere, komunitate honetan babesa aurkitu dugula dirudi".
Lan hori kanpora begira, bainan baita barrura ere egiten dute, "Eta honezkero 12 ekoizleren lantokitan euskara-planak ari dira gauzatzen. 2023rako Errigoraren baitan ari diren guztiak izango dira euskara-planetan murgilduta" azaldu dute.