Ingelesezko PAI programan diharduten 350 irakasleren lanpostuak egonkortu nahi ditu Nafarroako Gobernuak. Eta ahalik eta lasterren egin nahi du, Nafarroako Kontseiluak gaiari buruzko txosten juridikoa plazaratu aurretik, eta gobernuko bere bazkideak eta sindikatuak kontra egonagatik ere.
Espainiako legeriaren arabera, lanpostu publikoetan ezin da atzerriko hizkuntza baten ezagutza baldintza bezala exijitu. Hori horrela, PAI egitasmoko irakasleen %70ek behin-behineko kontratuak dituzte. Carlos Gimeno kontseilariaren departamentuak bi urte eman ditu Espainiako Gobernuarekin negoziatzen, baina Nafarroako Jauregitik proposaturiko bide guztiei ezezko biribilarekin erantzun diete Moncloatik, Gimenok berak atzo parlamentuko Hezkuntza Batzordean azaldu zuenez.
Orain, bidezidor bat topatu du Hezkuntza kontseilariak: Iceta Legea. Horrek bidea zabaltzen die erkidegoetako gobernuei behin-behinekotasuna murrizteko Europako eskaerei erantzunez. Legea ez du zehazki Hezkuntza aipatzen, baina atzo Gimenok parlamentuan esan zuen hori baliatuko dutela 350 lanpostuok egonkortzeko: PAIko irakasleak langile publiko bihurtuko ditu, estatuko irakaslegoan txertatu gabe.
Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Duguk eta Ezkerrak atzo parlamentuan salatu zuten bide horrek segurtasun juridikorik eza eragiten duela, eta ez dagoela zertan aurrera egin Nafarroako Kontseiluak gaiari buruzko txosten juridikoa plazaratu aurretik. Halaber, LAB, Steilas, ELA eta UGT sindikatuek elkarretaratzea egin zuten Parlamentuaren aitzinean, Gimenok Hezkuntza Batzordean agerraldia egiten zuen bitartean. Gimenoren legearen aurka azaldu ziren, eta negoziatzeko exijitu zioten Hezkuntza kontseilariari.